Jaurlaritzak jakinarazi ditu datuak: ertzain batek, batez beste, ia 2.700 euro gordin irabazten ditu hamalau ordainsaritan. Ertzainen Mugimendu Asindikalak eskatzen duena betez gero, urteko batez besteko ordainsari gordina 63.000 eurotik goragokoa litzateke.
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren hainbat zifra publiko egin ditu, gaia pil-pilean dagoenean. Aipagarria da hori egiteko baliatu duen modua: EAJko legebiltzarkide batek erregistratu du informazio-eskaera Eusko Legebiltzarreko jardueren artean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburu jeltzaleari zuzenduta. Dokumentu hauxe da ekainaren 12an Erkorekak erantzun gisa erregistratu duena.
Lehen puntutik gezurtatu du protestan ari diren ertzainek salatzen dutena, lan-baldintzak ez direla aldatu 2012az geroztik. Horretarako, Segurtasun sailburuak 2012tik hona Jaurlaritzak onartu dituen hamar dekretu inguru zerrendatu ditu.
Funtsean, Erkorekaren esanetan, %17,15 igo dira ertzainen soldatak 2012tik 2023ra.
Ertzaintzaren oinarrizko eskalari erreparatuta, agenteek, 2022an, batez beste, 2.327 euroko ordainsari garbia izan zuten osagarri eta konpentsazio guztiak gehituta; hau da, urtean ia 46.000 euro gordin. Aurten, berriz, 350 euroko soldata igoera izaten ari dira: izan ere, batez beste, ordainsari garbia hilean 2.755 eurokoa da 2023an; urtean, 48.000 euro gordin baino gehiago.
Horrez gain, Segurtasun sailburuak oinarrizko eskalan kokatzen diren ertzain agenteen soldatarik baxuenak eta altuenak alderatu ditu. Urte eta lanaldi osoan lan egin zuen ertzainak, gutxien kobratu zuenak, 2.114 euroko ordainsari garbia izan zuen hilero –urtean ia 41.700 euro gordin–. Aldiz, gehien kobratu zuen ertzain agenteak, hilean 3.762 euro garbi irabazi zituen–hamalau pagatan, beraz, urtean 74.000 euro gordin baino gehiago–.
Erkoreka: "Neurrigabeko pretentsioak dituzte"
Ertzainen Mugimendu Asindikalak hilean eta modu linealean 1.100 euroko soldata igoerak eskatu dituzte langile guztientzat. Hori oinarri hartuta, kalkuluak egin ditu Erkorekak eta adierazi du ertzain bakoitzeko urtean 15.400 euroko gastua suposatuko lukeela horrek. "Horrek esan nahi du Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente baten urteko batezbesteko ordainsari gordina 63.479,73 eurokoa izango litzatekeela. Gainera, eskaera horrez gain, beste 40 eskaera ere egiten dituzte eta horiek ere gastua neurri gabe handituko lukete".