Ertzaingai izandako baten helegitearen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia hautaketa prozesuko balizko anomaliak ari da ikertzen. El Correo egunkariak hitz egin du berarekin, eta hark dioenez, hautaketa prozesua “kutsatuta” dago eta berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioak “ez dira betetzen”. Salatzaileak gehitu du ohikoak direla komentario homofobo, arrazista eta euskarafoboak.
El Correo egunkariak irailaren 14an eman zuen ertzain hautagai ohiaren salaketaren berri, baita berak epaiketarako aurkeztu dituen audioen zati bat ere. Irailaren 15ean, berriz, bigarren ertzain hautagai baten adierazpenak jaso ditu, eta biek antzekotasun asko dituzte. Vocento taldeko egunkariak jaso duenez, bi adibide horiez harago, urteak dira Arkautiko irakasle ohiek, kanpoan utzitako hautagaiek eta ertzain izandakoek salatzen dutela ertzainak hautatzeko prozesuaren “zati bat arbitrarioa” dela. El Correo-n, beste iturri batzuek bezala, bi ertzain hautagai ohiek ere, hautaketa prozesuaren bukaerako bakarkako elkarrizketa eta ‘soziograma’ jarri dituzte fokupean. Arkautin sartzeko, proba psikoteknikoak, teorikoak, fisikoak eta bakarkako elkarrizketa gainditu behar dituzte. Ondoren, bederatzi hilabeteko formazioa izaten dute. Ertzain-etxetan praktikak egiten hasteko beste elkarrizketa bat gainditu behar dute. Elkarrizketa horrekin batera harreman soziolaboralen inguruko test bat egiten diete, ‘soziograma’ izenekoa. Beraien lankideei puntu positiboak eta negatiboak ematen dizkiete, hainbat galdera erantzunez. Bederatzi hilabeteko formazioa gainditzen ez duten hautagaien %90 ‘soziograman’ eta azken bakarkako elkarrizketan gelditzen dira kateatuta.
Salaketa jarri duen hautagai ohia ere, prozesuaren azken txanpa horretan kanporatu zuten. Haren salaketa Auzitegi Nagusira iritsi da eta epaileei eskatu die funtzionario plaza ematea. Beti ere El Correo egunkariak azaldu duenez, ikasleak probarik zailenak gainditu zituen, proba psikoteknikoak, teorikoak, fisikoak eta elkarrizketa, eta Arkautin sartu zen. Bederatzi hilabeteko formazioa egin zuen. 700 ikasletik 30. postu inguruan zegoen. Ertzain-etxeetan praktikak egiten hasteko bakarkako elkarrizketa egin behar zuen, tartean ‘soziograma’. Elkarrizketan aitortu zuen ‘soziogramak’ “manipulaziorako aukera” ematen zuela eta ikasleen artean “harreman toxikoak” eragin zitzakeela, boto negatiboak nori eman elkarrekin adosten baitute. Elkarrizketa eta gero, ez-gaitzat jo zuten eta gaztelaniaz sincericida kalifikazioa jarri zioten, alegia, baherik gabe egia esan zuela, ondorioetan pentsatu gabe.
Udaltzain zela baliatuta, zirrikitu bati esker, 2023an berriz ere Ertzaintzarako formazioa egiteko aukera izan zuen. Garai horretan, ertzaingai bati eraso zioten eta berak akademiako zuzendaritzaren aurrean salatu zuen gertaera. Horrez gain, jakinarazi zien, formazioa bukatzeko oraindik zazpi hilabete falta baziren ere, bazekitela soziograman zein hiru hautagaik jasoko zituzten puntu negatiboak. Gaineratu zuen, kideek jakiten bazuten erasoa salatu zuela bera ere baztertuko zutela. Zuzendaritzaren aurrean esan zuen ikasleen artean ohikoa zela komentario homofoboak, arrazistak eta euskarafoboak entzutea, baita ezker abertzaleko kideak izendatzeko‘ciervos’ (euskaraz oreinak) moduko adierazpen desegokiak erabiltzea ere. Ertzaintzarako hautagai ohiak El Correo-ri adierazi dionez, ez zeukan itxaropenik salatutakoen inguruan ikerketa egingo zutenik, nahiz eta hala egingo zutela esan. Ikertuz gero, “pertsona boteretsuen” senideak eta seme-alabak kanporatu beharko zituztela dio. Hortik aurrera, hainbat elkarrizketa grabatu zituen, kideekin, sindikatuetako ordezkariekin eta Andres Zearreta orduko zuzendariarekin izandakoak. Audioak proba gisa aurkeztu ditu. Azaldu du soziograma “manipulatuta zegoela hasietarik”, ikasleak jazartzen direla akademian eta giro oldarkor eta diskriminaziozkoa dagoela.
Formazio bukaerako elkarrizketan, berriz ere ez-gaitzat hartu zuten. Soziograman kideek kontrako 38 boto eman zizkioten.