ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Besteak beste, urteko soldatan 4.200 euro gordineko igoera "graduala" izango du ertzain bakoitzak. Sindikatuen iturriek El Diario Vascori azaldu diotenez, akordioarekin Ertzaintza Espainiako Estatu osoan "ondoen" ordaindutako Polizia izango da, eta Bilbon lanean hasten den ertzain batek 50.000 euro irabaziko ditu urtean. Sindikatu sinatzaileen afiliatuek hitzarmena berretsi behar dute orain.
ERNE, ESAN eta SIPErekin –ordezkaritza sindikalaren %83 dute guztira– hitzartutako akordioaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 45 milioi euro inbertituko ditu aurten hasi eta 2028ra bitartean. Akordioaren funtsezko puntuak honako hauek dira: soldata igoera progresiboa eta bereizia –lanpostuaren balorazioaren edota produktibitatearen arabera–, konpentsazio ekonomiko berriak zenbait zeregin egiteagatik –herritarren arreta eta ikerketa lanak, besteak beste– eta arlo sozialean aurrerapen batzuk –adibidez, gaixo dauden senitartekoak zaintzeko urtean 50 orduko baimenak–.
Euspel sindikatua eta Ertzainak Borrokan kolektiboa hitzarmenaren aurka agertu dira: "Saldu egin gaituztela sentitzen dugu", adierazi zuten urtarrilaren 22an, Ertzaintzaren negoziazio mahaiak Akordio Arautzailea berritzeko oinarriak hitzartu zituela iragarri zuenean. 1.200 pertsona bildu zituen manifestazio bat burutu zuten bi taldeek urtarrilaren 28an, Bilbon.
Espainian "ondoen" ordaindutako Polizia
El Diario Vasco egunkariari sindikatu sinatzaileek adierazi diotenaren arabera, akordio honek Espainiako Estatuan "eskubide gehien" dituen eta "ondoen ordainduta" dagoen polizia bihurtuko du Ertzaintza. Iturri horiek azaldu dute udaltzain batzuek agian oinarrizko soldata handiagoa dutela, baina ez soldata orokorra. "Bilbora iritsi berri den ertzain batek 50.000 euro inguru jasoko ditu urtean, beste plus batzuk, karrera profesionala edo moskosoak kontuan hartu gabe", jaso du egunkariak.
Azken hitzarmena 2013an sinatu zuten Jaurlaritzak eta ertzainek, eta orain adostutakoa hamarkada bat baino gehiagoko borroka baten amaiera suposatuko luke sindikatu sinatzaileen afiliatuek hitzarmenaren alde bozkatuz gero. Ostegunera arte dute bozka emateko aukera. 2022an hasi ziren bi aldeak hitzarmen berria negoziatzen, Josu Erkoreka Segurtasun sailburu zegoenean. Protesta ugari egin zituzten poliziek, besteak beste Erkorekaren kaleratzea exijituz, baina 2024ko apirilean legealdi berria hasi zenean, giroa nabarmen baretu zen.