Hemeretzi errusiar dronek Poloniako muga zeharkatu dute, eta Poloniak leherrarazi egin ditu. Poloniako aire eremuari “inoiz egindako erasorik handiena” dela dio armadak.
Asteazken goizaldean Errusiako drone “kopuru altuek” Poloniako aire eremua urratu dute, horixe salatu du Donald Tusk Poloniako lehen ministroak; jada “neutralizatuta” daude. Droneak Ukrainara bidean ziren, baina Poloniako muga gurutzatu dute. Droneen aurkako erasoan, NATOko indarren laguntza izan du Poloniak, ehiza hegazkinak bidali baitizkio; horrez gain, Tuskek azpimarratu du NATOrekin “etengabe” egon dela harremanetan, erasoaren nondik norakoen berri emateko. Erasoan ez da inor zauritu.
“Eskala handiko probokazioa” izan da Errusiako erasoa, Tusken hitzetan, eta bere erreakzioan nabaritu da. Poloniako armadak erreserbistak eta boluntarioak mobilizatu ditu. Bestalde, Ukrainaren mugatik gertu dauden probintzietako biztanleriari etxean geratzeko eta "babesteko” deia luzatu die gobernuak. Herrialdeak aire eremua itxi du: aireportu nagusia, Varsoviako Chopin aireportua, itxi dute, baita beste hiru aireportu ere.
Hori soilik ez, asteazken goizean ministroen ezohiko kontseilua ere deitu du lehen ministroak, eta haren atarian adierazi du NATOko kideekin kontsultak formalizatuko dituela, Ipar Atlantikoko Itunaren 4. artikulua baliatuta: alegia, herrialde kide baten “lurraldea, independentzia politikoa edota segurtasuna” zalantzan daudenean martxan jartzen den kontsulta.
Errusiako droneak Ukraina zuten helburu, horixe ziurtatu dute nazioarteko zenbait hedabidek. Dena den, Poloniako presidente Karol Nawrocki-k egindako adierazpen batzuen biharamunean heldu da erasoa. Nawrockik Putini aurpegiratu zion herrialde gehiago inbaditzeko asmoa duela, eta ez dela bere “asmo onez” fidatzen.
Mendebaldea eta Errusia
Poloniako aire eremuan izandako iskanbila mugarri bat da Errusiaren eta NATOren arteko harremanetan, Ukrainako gerra hasi zenetik lehen aldiz egon baita konfrontazio zuzena NATOko herrialde baten eta Errusiaren artean. Europako aire eremuan egin den lehen urraketa ere bada, eta horixe salatu du Kaja Kallas Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak.
Kallasek egin bezala, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak ere zalantzan jarri du Errusiako droneak “nahi gabe” sartzea Poloniako eremuan. Ukrainako presidenteak sare sozialetan adierazi du drone kopuru altu hori ezin daitekeela “istripua” izan: “Mosku beti dago gauzak muturreraino eraman nahian, eta ez badu erantzunik jasotzen, indarkeria hurrengo mailara igotzen du”. Hori horrela, NATOko herrialdeei “erantzun irmoa” emateko eskatu die.