argia.eus
INPRIMATU
Erruduntzat jo dute George Floyd hil zuen polizia agente ohia
  • Kargu guztien errudun izendatu dute Derek Chauvin polizia ohia: bigarren graduko nahigabeko hilketa, hirugarren graduko hilketa eta bigarren graduko homizidioa.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 21
Argazkia: David Geitgey Sierralupe Seguir/Flickr

Epaimahaiak errudun izendatu du 2020ko maiatzean George Floyd afro-amerikarra hil zuen polizia. Epaileak laster erabaki beharko du zein izango den zigorra. Nahi gabeko bigarren graduko hilketaren erruduna izanik, 40 urte arteko kartzela-zigorrarekin zigortua izan daiteke Chauvin; hirugarren graduko hilketaren erruduna izanik, gehienez ere 25 urteko kondena; eta bigarren gradukoa homizidioagatik, 10 urte artekoa.

Derek Chauvinek belauna estutu zuen Floyd-en lepoaren kontra zortzi minutu eta 46 segunduz, Floyden heriotza eraginez. Denda bateko langileek poliziari deitu ziotenean hasi zen guztia, Floydek ustez tabako-pakete bat ordaindu baitzuen 20 dolarreko billete faltsu batekin. Akusazioaren froga nagusi bihurtu diren irudietan ikusten denez, Floydek ez zuen portaera bortitzik erakutsi eta ez zien mehatxurik egin agenteei.

Etenik gabeko hilketak

Floyden heriotzak, 2020ko maiatzean, arrazismoaren eta polizia-indarkeriaren aurkako protesta-bolada  eragin zuen Amerikako Estatu Batuetan eta nazioartean. Chauvinen erruduntasuna publiko egin den momentuan gero eta tentsio handiagoa dago herrialdean. Izan ere, astearte arratsaldean 16 urteko Ma’Khia Bryant neska beltza hil du Columbuseko poliziak. Segurtasun-indarren arabera, nerabeak beste bi neskatila mehatxatu zituen laban batekin. Agintariek diotenez, larrialdi-zerbitzuaren dei bati erantzun ondoren joan zen hara polizia, eta tiro egin zion.

Azkenaldian hilketa gehiago eragin ditu poliziak AEBetan: azken asteetan hil dituzte 20 urteko Daunte Wright afroamerikarra (Minesota) eta 13 urteko Adam Toledo (Chicago).