argia.eus
INPRIMATU
Erronkarieraz egin dute Erronkariko Gazta sustatzeko kanpaina berria
  • Erronkariko uskara erabili du Labrit Multimedia enpresa iruindarrak Erronkari Gazta ezagutzera emateko. Gazta sustatzeko eginiko bideoan Erronkariko jendea, ohiturak, tradizioa, historia, paisaiak… eta bertako euskara dira protagonista. Bi bertsio ekoiztu dituzte: bata gaztelaniazkoa, eta bestea euskarazkoa, erronkarieraz egina.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 04a
Kanpainaren egileak egitasmoa aurkezten

Komunikazio kanpainaren arduradun Gaizka Arangurenek azaldu duenez,  kanpainan “tipo eta estereotipoez” baliatu dira: “Erronkari ibarraren imaginarioarekin, bertako herritarren izaerarekin, artzaintzaren milurteko presentziarekin eta Erronkaiko euskara bezalako luxuzko erreferente batekin jokatu dugu”.

Espainiako Gazten Jatorrizko Deitura lortzen aurrenekoa

Kanpainaren ekoizleek adierazi dutenez, “Erronkariko Gazta milaka urte dituen altxor gastronomiko bat da, bere kalitate eta zaporeagatik ezaguna”. Ardi latxaren esnearekin egiten da, eta soilik bailarako zazpi herrietan landu daiteke. Jatorrizko Izendapenaren zuzendari Patxi Zalbak esan duenez, Espainiako Gazten Jatorrizko Deitura lortzen lehena izan zen, “duen ospearen adierazgarri”.

Kontseilu Erregulatzailea eta INTIA ziurtagiria Deituraren Erreglamenduan eskatzen diren baldintzen betepenaz arduratzen dira. Horrela, esnea produkzio eremuaren barruko ganadutegietakoa dela ziurtatzen dute. “Gazta Erronkari Ibarreko gaztandegietan egin, ondu eta kontserbatzen da eta azken produktuari analisi fisiko-kimiko eta organoleptiko egokiak egiten zaizkio kalitatea bermatu ahal izateko”, azaldu dute kanpainaren egileek.