Nafarroako erdialdean eta hegoaldean arituko da eta euskararen ezagutza, erabilera eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea izango ditu helburu.
Errigora elkarteak elikadura burujabetza eta euskara lotzen ditu, Nafarroako hainbat elikagai saltzen ditu eta euskararen inguruan lanean ari diren hainbat eragilerentzat dirua jasotzen du. Elkarteak bazuen kezka bat: euskararen aldeko kanpaina hau bertan behera geratuko balitz zer geldituko litzateke Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskalgintzan?
Hala sortu dute Agerraldia taldea. Euskaltzaleak, euskaldunak eta eragileak sarean lanean aritzea du helburu eta hiru ardatzetan egingo du lan: euskararen ezagutza, erabilera eta herritarren euskararekiko jarrera positiboak. Alor ugaritan eragin nahi du taldeak: kirolean, alor sozioekonomikoan, kulturan, aisialdian, erakunde publikoetan… Zonaldeko euskalgintzaren eta euskaltzaleen beharrei erantzuten ahaleginduko da formazioa eskainiz, finantzazioaz emanez, bitartekoak eskura jarriz.