Honakoa da PSN Nafarroako Alderdi Sozialista Erriberan herritarren botoa eskatzeko erabiltzen ari den karteletako bat. Aste honetan Lodosan eta Vianan bederen ikusi dituzte gisa honetakoak.
Zortzi hizkuntza erabiltzen dira: gaztelania, portugesa, ingelesa, arabiarra, errumaniera, frantsesa, alemana eta ukraineraz.
Deigarria egiten da, euskararik ez dagoelako hizkuntzen artean, eta aldiz, euskaldunak egon badaude Erriberan, seguruenik hizkuntza horietako gehienetan dauden hiztunak baino gehiago gainera.
Horrek esan nahi du, agian, PSNk ez duela uste Erriberako euskaldunei zuzenduta botorik erakar dezakeenik. Edo agian, eta hau hipotesi sinesgarriagoa da, euskara erabiltzeak botoak kenduko dizkiola uste dute Erriberako sozialistek.
Oso aspaldikoak dira euskararen aurkako jarrerak Nafarroan, baina azken urteetan Erriberan bereziki sustatu dira, baita eremu instituzionaletik ere. Adibidez, 2019an Tuterako Udalak udaltzaingoaren lanpostu baterako oposizio-lehiaketa argitaratu zuen eta alemana, frantsesa eta ingelesa jakiteak bost puntuko balioa izan zuen, eta euskararen ezagutza ordea, ez zen baloratu.
Euskararen 2021eko VII. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, Nafarroako herritarren %37 euskara sustatzearen aurka zegoen, 2016an baino %2 gutxiago, baina 2011n baino hiru puntu gehiago oraindik.