argia.eus
INPRIMATU
Erriberako Euskararen Eguna, lehenengo aldia arrakasta handiz
  • Larunbatean Arguedasen ospatu zen Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa. Kultura, auzolana eta festa uztartu ziren euskararen inguruan eskualdeko herriak batu zituen jardunaldi honetan.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2025eko maiatzaren 21

Joan den larunbatean, maiatzaren 17an, Arguedasek Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa hartu zuen. Egun osoan zehar ehunka lagun bildu ziren euskararen eta eskualdeko kultur aberastasunaren aldeko jai giroan, aniztasuna eta konpromisoa ardatz izanik.

Goizean goizetik, Arguedas kolorez eta musikaz bete zen. Erriberako hainbat dantza, musika eta kultur taldeek parte hartu zuten, kaleak girotuz.

Goizean, adin guztietarako jarduerak izan ziren: Dindaia taldeak dinamizatutako haurrentzako txokoa, artisautza azoka bizia eta herri dantzen erakustaldia. 13:00etan, eguneko une garrantzitsuenetako bat iritsi zen: Porrotx eta Marimotots pailazoen Amazonia gara ikuskizuna.

Hau amaituta, ekitaldi nagusiari ekin zioten. Honetan Erriberako euskararen egoera azaleratu zuten, haien asmoak azaldu eta euskara bizirik dagoela aldarrikatuta.

Bazkari herrikoia eta gero, Edu Zardoyak girotu zuen bazkalondoa eta arratsaldean herrien arteko erronka animatua izan zen, non parte-hartzea eta umorea protagonistak izan ziren.

Jardunaldia Ribera Kids and The Tuffstones, Indeleble eta Orekka taldeen kontzertuekin amaitu zen, 19:00etatik aurrera hasi zirenak, Discodeliaren zuzeneko musikarekin euskaraz eta musikaz beteriko egun ahaztezina borobiltzeko.

Erriberako Euskararen Egun honek herrien, elkarteen eta boluntarioen arteko lankidetza elkargune bihur daitekeela erakutsi du, non euskara, kultura eta erriberako nortasuna indarrez egiten duten distira.