Erribera 13 eraikin okupatua hustu du Ertzaintzak Bilbon

  • Goizeko zazpiak aurretik iritsi da Ertzaintza Bilboko Alde Zaharreko Erribera 13 eraikin okupatura, atzo iragarri zutena baino bi ordu lehenago. Horrenbestez, Erribera 13 proiektuko kideek gaur goizeko zortziretarako deitua zuten Gosari Harresia ez da egiterik izan, eta Ertzaintzak eraikinean bizi direnak baino ez ditu aurkitu bertan. 


2014ko otsailaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Ertzainak eraikinean sartu dira berehala, eta ingurua mugatu dute inor hurbil ez zedin.  Barruan zeuden zortzi lagunak teilatura igo dira eta gora igotzeko bideak oztopatu dituzte. Bien bitartean, sare sozialetan abisua zabaldu ahala, apurka-apurka hainbat herritar hurbildu dira Erribera 13ra.

Zortziak jo baino lehen heldu da Ertzaintza teilatura. Zortzi gazteak lurrean eserarazi eta identifikatu egin dituzte. Bertan izan dituzte ordu erdiz, behean zeuden lagunen elkartasun oihu artean.

Lehenengo gaztea 8:20tan irten da, eta handik minutu gutxira gainontzeko zazpiak ere. Mantak eta motxilak bizkarrean, minduta bezain hunkituta irten dira, txalo artean.

Zazpi hilabetez euren etxebizitza izan dena, eta beste bizi eredu baten aldeko proiektu autogestionatua kendu diete. Ertzainek tratu "normala" eman diela adierazi dute, eta oraingoz senide eta lagunen etxeetan biziko badira ere, ez dutela geldirik egoteko asmorik. 

Kalera irten direnean giroa lasaitu bada ere, 9:30ak arte eraikinaren inguruan egon dira kaleratutako gazteak, bertaratutako lagunak eta ertzainak. 

Eguerdian balorazioa egiteko bilduko dira Erribera 13 proiektuan partu hartu duten kideak eta orduan erabakiko dute adierazpen publikoa egingo duten ala ez. Horrez gain, manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako. 19:00etan abiatuko da Unamuno plazatik.

Eraikinean zeudenak atxilotu ez badituzte ere, goizeko zazpiak aldera bertara hurbildu den gazte bat atxilotu du Ertzaintzak.

Pertsona guztientzako gunea

Erribera 13 Bilboko Alde Zaharrean dagoen eraikina da, pasa den uztailean Bilbao 2013 ekimeneko kideek okupatu zutena. Ordutik horietako batzuen etxebizitza izateaz gain, hainbat ekimen eta ekitaldi ere egin dira bertan. 

Lehen egunetan ateratako oharrean azaldu zutenez: “prezio itzelek, hipoteka eta alokairu ordainezinek etxerik gabe geratzera kondenatzen dituzte bilbotarrak, eta egoera hori eraldatu asmoz, pertsona guztientzako izango den eta ateak zabal-zabalik izango dituen espazio bat sortzera goaz, non gure bizitzen jabe izaten ikasiko dugun”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erribera 13
2014-02-20 | ARGIA
Erribera 13 eraikinaren desalojoa minutuz minutu

Etxebizitzaren arazoa salatzeko okupatu zuten Bilboko Erribera 13 eraikina hustu du gaur goizean Ertzaintzak. Goizeko 9etan joatekoak zirela iragarri arren, 7:30etan agertu dira agenteak. Zuzenean kontatu dugu bertatik desalojoa.


Bilboko Erribera 13ko eraikin okupatua aurki irekiko dute

Etxebizitzaren arazoa salatzeko okupatu zuten eraikina eta larunbatean egin zuten publiko etxe okupatuko “errealitate berria”. Egun gutxiren buruan pertsona guztiek gozatzeko espazioa ireki nahi dute.


Eguneraketa berriak daude