AHT saboteatu egin behar dela esateagatik salaketa jarri zion Turin Lyon Ferroviaire kontsortzioak Erri de Luca idazle italiarrari. Esandakoarengatik kartzelan amaitu dezake idazleak. De Lucari babesa adierazteko kanpaina jarri dute martxan iostoconerri.net webgunean.
“AHT saboteatu egin behar da. Artaziek hesiak mozteko balio dute. Hori ez da terrorismoa”, adierazi zion De Lucak Huffington Post hedabideari 2013an. Adierazpen horiengatik bost urteko kartzela zigorra eskatu dute idazlearentzat, hitz horiek “delitua egitera bultzatu dezaketela” egotzita.
La Parola Contraria (Kontrako Hitza) da De Lucaren azken liburuaren izena. Lan horretan ere AHTren kontrako sabotajea aldarrikatzen du. Turin-Lyon arteko AHT “alferrikako egitasmoa” dela esan dio De Lucak Ane Irazabal kazetariari joan den asteko ARGIAn egindako elkarrizketan.
AHTren aurkako mugimenduak urteak daramatza bizirik Italian. Val di Susako herritarrek, adibidez, 25 urte daramatzate AHTren kontrako jarrerarekin.