argia.eus
INPRIMATU
Erretreta erreforma 2028ra atzeratzearen alde egin dute Frantziako diputatuek
  • Frantziako gizarte segurantzaren aurrekontuaren lehen irakurketako eztabaida-tartea bukatu zaie asteazken gauean diputatuei eta Senatuan dago dagoeneko lege-proiektua. Azken egunean izan dute bozketa esanguratsuena, erretreten erreforma 2028ra arte atzeratzearena. 17.500 milioi euro murrizteko asmoz landutako aurrekontu proposamena da. Finantza Legeari dagokionez, ostegun honetan abiatu dituzte eztabaidak eta bozketak diputatuek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko azaroaren 13a
Frantziako Legebiltzarraren bozketetariko baten unea argazkian. AFP

Frantziako gizarte segurantzaren aurrekontua ezin izan dute osoki eztabaidatu diputatuek, Frantziako Konstituzioak finkaturiko epe mugara iritsi direlako: asteazkenaren eta ostegunaren arteko 00:00an itxi dute eztabaida eta dagoeneko, senatarien esku gelditu da testua, eztabaidatu gabeko 200 bat emendakinak barne. "49,3 mozorrotu bat" [bozketarik gabe neurri bat pasarazteko eskubidea dakar Frantziako Konstituzioaren 49,3 artikuluak] ezker muturreko Frantzia Intsumisoa alderdiaren arabera. Eskuin muturrak ere kritikatu egin du eztabaidak eten izana. Senatariek larunbatean abiatu beharko lukete lege-proiektuaren azterketa.

2023an bozkaturiko erretreten erreforma 2028ra arte etetearen alde egin dute diputatuek –Alderdi Sozialistaren zentsura saihesteko Sebastien Lecornuren gobernuak hitz eman bezala–. Asteazken honetako bozketan 255k egin dute alde eta 146k kontra. Zehazki, 1964an sortutako belaunaldia 62 urte eta 9 hilabetera sartuko litzateke erretretara, ez eta erreformak aurreikusitako 63 urteetara. Horrek erran nahi du, erretreta jasoko dutela 170 hiruhileko kotizatuta (171 kotizatu beharrean). Lehen begi-bistan aldaketa handia ez bada ere, pisu sinbolikoa eta politikoa izan du bozketak, berez sindikatuen eta herritarren partetik azken urteetan izandako mobilizazio jendetsuena eragin zuelako erreforma horrek. Bestalde, atzera egite horri esker lortu zuen Alderdi Sozialistaren zentsura saihestea urriaren 16an.  Erreformaren etenaldia karrera luzeetara eta 1965eko lehen hiruhilekoan sortutakoei ere zabaldu zaie, ezkerrak hala eskatuta.

Alderdi Komunistak eta Frantzia Intsumisoak, haatik, aurka bozkatu dute [diputatu batek izan ezik], "deuseztatze bat izan beharrean, erreformaren atzeratze bat" delako. 2027ko hauteskundeetan hautatuko den lehendakariaren gobernuari egokituko zaio, gero, etorkizuneko erreforma trenkatzea.

17.500 milioi euroko ekonomiak

17.500 milioi euroko ekonomiak egiteko asmoz, austeritate politika bat landuta du Frantziako Gobernuak. Hainbat neurri atzera bota dituzte diputatuek, besteak beste, erretreten eta laguntza sozialen izoztearen aurka bozkaturik, inflazioaren araberako egokitzapenak aitzina segituko du. Gobernuak xede zien mutualen gaineko zergen emendioa ere ez da pasa.

Finantza Legea Legebiltzarrean

Beste testu inportante eta eztabaidatsu bat dute esku artean ostegun honetatik aitzina diputatuek: Finantza Legea. Estatuaren aurrekontuari begira ere lan nekeza iragartzen da: diru-sarrerei dagokionez, 2.100 zuzenketa baino gehiago dituzte aztertzeko. Bozketa azaroaren 17an egitea aurreikusten da, baina egutegi hori ez dute ziurtatuta, eztabaiden erritmoa dela eta. Testu osoa Senatura bidali beharko dute beranduenez azaroaren 23ko gauerdian, Konstituzioaren epeek horretara beharturik.

Ostegun goiz honetan blokeatu dute, hain justu, gobernuaren neurri esanguratsu bat: erretretadunentzako zerga oinarria %10ez apaltzen duen neurria deuseztatzeko asmoa du gobernuak, baina kontra egin diote Legebiltzarrean, 217k kontra eginda eta bakarrik 17k alde.