argia.eus
INPRIMATU
Die my love
Erretratu pertsonala
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 26a

Veneziako Mostran aurkeztu ondotik, Lynne Ramsay zuzendariaren Die my love pelikula Zinemaldian eman dute, Jennifer Lawrence aktoreak Donostia Saria jasoko duenaren aitzakian. Saria eskuratzen gazteena da; 35 urte ditu. Ibilbide handia egin du dagoeneko Lawrencek, eta bere berriena ere, Die my love, zinez pelikula ederra da.

Bikote gaztea dira Grace (Jennifer Lawrence) eta Jackson (Robert Pattinson). Hiriburutik landa eremura joan dira bizitzera, bake bila, bizi berri eta hobe baten esperoan. Haur bat izateko asmoa dute, izango dute filmaren ia-ia hasieratik, eta ingurugiro baketsuan hezi nahi dute. Etxetik kanpo egiten du lan Jacksonek, enpresa batean, eta Grace, berriz, idazlea da. Tira, haien lanpostuek ez dute askorik axola, baina fundamentala da detailea: Grace etxean edo etxe inguruan ibiliko da, ume eta etxezain, eta Jackson, aldiz, hasiera batean bederen, ordu ugariz kanpoan ibiliko da.

Ume jaioberria ikusten hasten garen unean, filma zoratzen hasiko da. Hor dago detailea, prentsa pasean ginenoi ikustea kostatu zaigula; ze, erraza da behin artikuluren bat irakurri ondoren zinera joatea eta jakitea filma nondik nora doan. Grace da istorioko protagonista, eta bere begiek ikusten dutena, errealitatearen distortsioekin-eta, ikusleok ikusiko dugu. Normaltzat hartuko dugu Grace lau hanketan ibiltzea kanpoko belardian, zakurrari zaunkaka aritzea, jendaurrean aurrean bat-batean biluztea, erantzun txarrak eman eta jendea mespretxuz tratatzea, etxea hankaz gora jartzea...

Erditze osteko doluan dago. Badu txikitako traumarik ere, bere gurasoei lotuta, baina batik bat aipaturiko dolu hori da garrantzitsuena. Filmak ez digu hori hitzez adieraziko kasik bukaerara arte. Bada beste detaile bat ere prentsakook ezagutzen ez genuena, eta Donostia Sariaren emanaldirako, hau da, ostiral gauerako, filma ikusterako mundu guztiak jakingo duena: Lawrencek aitortu du bere bigarren haurrarekin gertatu zitzaiola dolua, eta era oso gogorrean bizitu zuela. Hargatik, emozioz beterik aitortu du oso film pertsonala sentitzen duela.

Mundiala iruditu zait kontatzeko era, hain modu kaotikoan erakustea dena, gordin eta garden. Kaosaren adibide, espero gabe gauzak gertatzea, kolore bizi-biziak eta esporadikoak, eta musika, apropos, zenbaitzuetan bereziki altu. Bestalde, eta jakina, Lawrencen talentua... Ikaragarria iruditu zait. Berebiziko pisua du pertsonaiak, eta Lawrencen lana benetan aparta da.