Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko deportatuak izateko.
Abuztuaren 10ean Britainia Handiko Gobernuak lege proposamen bat iragarri zuen, Ingalaterran eta Galesen kondenatutako delitugile migratzaileak berehalakotasunez deportatzeko. Justizia Ministerioaren arabera, erreforma hori "poliziaren zaintzapean dauden delitugile atzerritar guztiei eta atxilotu berri dituztenei" aplikatuko litzaieke Neurri berri horrekin, espetxe sistemaren gainkarga arintzea eta atxilotze kostuak murriztea espero du gobernuak. Ekainean egin zuten gaiaren inguruko lehen erregulazioa. Horren aurretik, kondenatuek sententziaren %50 bete behar zuten deportatuak izateko, ekainean onartutakoaren ondoren sententziaren %30era jaitsi dute langa; igandeko proposamenak langa hori kendu eta zigorra bete gabe ere deportatzea ahalbidetzen du.
Erresuma Batuko Gobernuak zabaldutako datuen arabera, preso atzerritarrak preso guztien % 12 inguru dira, eta urteko batez besteko kostua 54.000 libera ingurukoa da espetxeko plaza bakoitzeko (62.350 euro inguru). Hala ere, neurriak salbuespenak ditu: ez litzateke aplikagarria izango kondenatuak Erresuma Batuko segurtasun nazionala mehatxatzen duten delitu berriak egiteko "froga argiak" dauden kasuetan, ezta betiko kartzela zigorrak betetzen dituztenetan ere.
Erresuma Batuko Justizia ministro Shabana Mahmoodren hitzetan, gobernua "neurri zorrotzak" hartzen ari da delitugile migratzaileak deportatzeko. Alderdi Laborista boterera ailegatu zenetik 2024ko uztailean, 5.200 pertsona deportatu diutuzte. Proposamenaren komunikatuan hurrengoa adierazi zuen Mahmoodek: "Gure mezua argia da: gure abegikortasunaz abusatzen baduzu eta gure legeak hausten badituzu, kanporatu egingo zaitugu". Modu berean, Keir Starmer, Erresuma Batuko lehen ministroak hurrengoa idatzi zuen sare sozialetan: "Herrialde honetara etorri eta krimen bat egiten baduzu, ezin zara hemen geratu. Ahalik eta azkarren deportatuko zaitugu".