Hondakin asko sortzen dutela eta, Erresuma Batuko bi saltoki handienek plastikozko kotoi-zotzak ekoizteari utziko diote. 2017a amaitu baino lehen paperez eginikoak saltzen hastea aurreikusten dute. Talde ekologistek hartutako konpromisoa txalotu dute.
The Guardianek jaso duenez, Tesco eta Sainsbury enpresek euren markakoak diren kotoi-zotzen produkzioa aldatuko dute 2017a amaitu baino lehen: plastikozkoak izatetik, material biodegradagarriz eginikoak salduko dituztela adierazi dute. Herritarrek denbora daramate aldaketa hori eskatzen eta kanpainak jada 130.000 sinadura baino gehiago jaso ditu. Itsasoaren kontserbazioan lan egiten duen talde batek zehaztu duenez, irailean hondartzetan egin zituzten garbiketetan 100 metroko distantzian 23 zotz baino gehiago aurkitu zituzten. Neurri honekin hondakin kopurua erdira jaistea espero dute.