OSPAR Biodibertsitate Batzordeak “zientifikoki” onartu du Artikoko Erresuma Batuaren tamainako zati bat babesteko beharra. Ipar-ekialdeko ozeano Atlantikoa babesteko nazioarteko elkarlana kudeatzen duen lan taldea da OSPAR.
“Pauso izugarria da”. Bi urtean hainbat herrialde eztabaidatzen aritu dira ia merezi ote duen munduko leku hori babesteak. “Herrialde ugarik, Alemania buru, eta Suediak, Espainiak, Frantziak eta Herbehereek babestuta, egiaztatu dute ezin direla aurkeztu helegite tekniko gehiago babes-gunea geldiarazteko”, azaldu dute Greenpeacek.
OSPAReko ordezkari politikoek bilera egingo dute ekainaren 20tik 24ra bitartean Espainian. Ekologisten esanetan, “ez daukate aitzakiarik besoak gurutzatuta gelditzeko; hurrengo pausoa eman behar dute, eta Artikoa babestu egin behar dute izotza urtzea negozio aukeratzat duten horiengandik”.
Zazpi milioi pertsona baino gehiagok sinatu dute dagoeneko Artikon babestutako eremua sortzearen alde. 2012an piztu zen alarma gorria; urte hartan, erakunde ekologistak jakinarazi zuen “inoizko izotz kopuru txikiena” zegoela Artikoan. Ekologistek adierazi dute Artikoko izotza gutxitzeak zerikusi zuzena duela beroketa globalarekin, eta horren kausa nagusia dela energiaren produkziorako erregai fosilak inguru horretan erretzea.
“Petrolioaren erauztearen ondorioz, berotegi efektua eragiten duten gasak askatzen dira, eta horrek klima aldaketa areagotzen du”, azaldu dute Greenpeaceko kideek. Talde ekologistak hainbat ekimen egin ditu Artikoko petrolio-ontzien aurka.