Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko arriskuan daude.
"I oppose genocide. I support Palestine Action" (Genozidioaren kontra nago. Palestine Action babesten dut) leloa daramaten kartelak edo kamisetak eramateagatik jadanik 700 lagun atxilotu dituzte Erresuma Batuan, horietatik asko Londresko Parliament Square plaza ezagunean egindako elkarretaratze jendetsu batean.
Erresuma Batuko Parlamentuak Palestine Action taldea debekatzeko eskatu zuen –385 aldeko boto izan zituen eskaerak eta 26 kontrakoak– eta Kier Starmerren gobernuak hala egin zuen uztailean, Terrorismoaren Legea oinarri hartuta. Erabaki horrek kritika ugari jaso ditu eta geroztik ugaritu egin dira Palestine Action babesteko ekimenak herrialdean.
Asteartean Defend Our Juries erakundeko bost lagun atxilotu zituen britainiar Poliziak; 'The Guardian'-en esanetan, larunbatean manifestari guztiak atxilotzeko arriskuan daude
Larunbaterako beste manifestazio bat deitu dute Parliament Squaren, giza eskubideen alde kanpainak egiten dituen Defend Our Juries erakundeak antolatuta, eta mila lagunetik gorak baieztatu dute han izango direla. Hain justu, asteartean erakunde horretako bost lagun atxilotu zituen britainiar Poliziak; The Guardian-en esanetan, larunbatean manifestari guztiak atxilotzeko arriskuan daude.
Palestinako genozidioaren kontrako protesteei ez ezik, debekuak eta atxiloketek protesta baketsuak egiteko eskubideari ere eragiten diela diote Palestine Actionen alde azaltzen ari direnek. Hala, irailaren 1ean beste sarekada masibo bat egin zuen Polizia metropolitanoak eta 47 lagun atzeman zituen, gehienak 60 urtetik gorako herritarrak ziren.