argia.eus
INPRIMATU
AEBek eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatu dute eta Gazako gerra Itsaso Gorrira zabaldu
  • Huthiek berehala erantzun diote Mendebaldeko indarren oldarraldiari: misilak jaurti dituzte bi estatu horien zenbait gerra ontziren aurka.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 12a

Gazako Zerrendaren mugak gainditu ditu Ekialde Hurbileko gatazkak. Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek Yemen airez bonbardatu dute ostegunean, 73 aldiz. Huthien milizien aurkako oldarraldia izan dela adierazi dute bi gobernuek. Yemendarrek adierazi dutenez, bost kide hil eta sei zauritu dituzten bonbardaketetan. Hala ere, yemendarrek berehala erantzun dute: britainiarren eta amerikarren zenbait gerra ontziren aurkako misilak jaurti dituzte.

Al Jazeera hedabideari Abdel-Malik al-Houthi miliziako buruak adierazi dio AEBen “edozein erasori erantzungo” diotela, eta erantzuna orain arteko “bortitzena” izango dela. Erantzun hori ostiral goizean abiatu da: miliziak hamaika misil jaurti ditu AEBek zein Erresuma Batuak Itsaso Gorrian dituen gerra itsasontzien aurka. Yahya Sarea huthien bozeramaile militarrak ondorengoa azpimarratu du: "Lurrez eta itsasoz etsai guztiei aurre egingo diegu, Yemengo subiranotasunaren eta independentziaren defentsan.

AEBetako presidente Joe Bidenek ohar baten bidez baieztatu du erasoa eta zehaztu duenez, Australiaren, Bahrainen, Kanadaren eta Herbehereen laguntzarekin burutu ditu erasoak: “Nazioartearen erantzuna bateratua eta irmoa izan da”. Antza, huthien menpe dauden sei probintzia bonbardatu dituzte.

Ostiral goizean huthiek Al Jazeeran adierazi dute erasoaldiarekin jarraituko dutela, “Israelek Gazaren aurkako sarraskia eten arte”.