argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuak bertan behera utzi ditu Israelekin zuen akordio komertzial berrirako negoziazioak
  • Europako Batasunak ere Israelekin dituen akordio komertzialak “berrikustea” erabaki du, 27 estatutik 17k aldeko botoa eman eta gero. Dagoeneko 53.000 hildakotik gora eragin ditu Netanyahuren gobernuak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 21
Gazaren aurkako sarraskiaren aurkako manifestazio bat, Londresen. Edwin Lugtenburg (CC BY-NC-ND 2.0)

Nazioartean zerbait mugitzen hasi da. 2023ko urriaren 7tik Israelek 53.000 hildako eragin ondoren, Erresuma Batuak Israelekin zituen negoziazioak eten ditu; bi estatuen arteko ekonomia akordio berria ari ziren negoziatzen. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek adierazi du “izugarria” dela Israelen "ankerkeria" Gazaren aurka, eta laguntza humanitarioa “masiboki” areagotzeko eskatu dio. Su-etena da bahituak askatzeko “era bakarra”, horixe esan du Starmerrek, eta berau indarrean sartzea exijitu du, Zisjordaniako kokalekuak salatzearekin batera.

Erresuma Batuak hasitako bide bera hartu du EB Europako Batasunak ere, EB eta Israelen arteko elkartze hitzarmena “berrikustea” onartu baitu, bertako Kanpo Politikako Goi Ordezkari Kaja Kallasek jakinarazitakoaren arabera. Zehazki, hitzarmenaren bigarren artikulua da berrikusiko dutena, bertan jasotzen baita giza eskubideak errespetatzeko konpromisoa. Hitzarmena berrikustea, beraz, “presioa eragiteko” era bat da, ez baitu harreman diplomatikoen hausturarik ekarriko.

Proposamena Herbehereen eskutik heldu zen, eta bere alde agertu dira 27 estatuetatik 17; bederatzik aurka bozkatu dute, tartean Italiak eta Alemaniak. Ez da lehen aldia horrelako proposamenen bat Europako Batzordera heldu dena: iaz ahalegin bera egin zuten Espainiak eta Irlandak, baina ez zuten Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariaren erantzunik jaso. Josep Borrell Kaja Kallasen aurrekariak ere egin zuen saiakerarik, Netanyahuren gobernuarekin elkarrizketa politikoa bertan behera uztea proposatu baitzuen; ez zuen aurrera egin zenbait herrialderen ezezko botoagatik, tartean Alemania.

Mota horretako eskariak Europaz harago joan dira dagoeneko: astearte goizean munduko 22 herrialdek Israeli eskatu diote Gazan laguntza humanitarioaren sarbidea guztiz berrezarri dezan.

Espainian, Israelen armei ez

Espainiako Gorteetan beste erabaki bat hartu da, etxe barrura ere begiratzen duena. Gobernuaren eta oposizioko zenbait alderen botoekin, Israelekin armen salerosketarik ez izateko lege proposamena tramitatzea onartu du; ez, ordea, gatazkarik barik. Sumar eta Podemos alderdien eskakizunez heldu da proposamena parlamentura, eta oposizioko zenbait alderdiren babesa izan du hasieratik: tartean, EH Bildu eta EAJ, ERC eta BNG.

Gobernuko alderdien artean sortu du, ordea, ika-mikarik. Proposamena Sumarren eskutik helduta –gobernu koalizioaren parte da alderdia–, PSOEren barruan zalantzak izan dira berau onartu edo ez. Bere garaian gobernuaren partetik ezezkoaren aldeko txosten bat jaso zuen, baina azkenean diputatu sozialisten babesa jaso du, baita Junts alderdiarena ere.  Azken horren bozkei esker lortu dute proposamena tramitaziora eramatea. Aurkako botoak eman dituzte PPk eta Voxek.

Armen aferan, polemika handia piztu zuen Espainiako Gobernuak Israelgo armamentu enpresa batekin egindako 6 milioi euroko kontratuak. Aurtengo apirilean, aste santuetako opor betean, publiko egin zen Espainiako Gobernuak 15,3 milioi bala erosi zizkiola Guardian Defense & Homeland Security enpresa israeldarrari, Guardia Zibilarentzako munizio gisa. Harrabotsa sortu zuen albisteak, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartua baitzuen orain onartu berri duen lege proposamenarekin: Israelekin arma komertziorik ez egiteko, alegia. Hori horrela, barne krisia piztu zen gobernuan, kontratua deuseztatzeraino.

Asteazken goizean eman ditut azalpenak Fernando Grande Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak, eta onartu du kontratu hura "akats" bat izan zela, eta bere ardura hartu du. Palestinako kausarekin eta Ekialde Hurbileko bakearekin "konpromiso sendoa" daukala berretsi du Marlaskak.