argia.eus
INPRIMATU
Iruñean monarkiaren kontra protestatu dute Espainiako Kongresuak ondorengotza onartzearekin batera
  • Espainiako diputatuen kongresuak Felipe Borboikoaren ondorengotza onartu zuen asteazkenean. Egun berean, erreferendmumaren alde eta monarkiaren aurka, elkarretaratzea egin zuten Iruñean.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 12a
Mobilizazio berriak iragarri dituzte Borboi berria tronuan jartzen dutenerako (noticiasdenavarra.com)

Iragan larunbatean monarkiaren bukaera eskatzeko 15.000 laguneko manifestazioa antolatu zuten eragile, sindikatu eta alderdi politikoek bultzatu zuten elkarretaratzea.

Kontzentraziora hurbildutakoak Iruñeko udaletxe aurrean batu ziren Espainiako Errepublikako banderekin, eta “Espainia bihar errepublika izanen da”, “Borboiak marrazoetara” eta “Felipe ibili bizkor, Hirugarrena dator” bezalako aldarriak oihukatu zituzten, Diario de Noticiasen irakur daitekeenez.

Nafarroako Ezkerreko Batzorde Errepublikarreko ordezkari Miriam Muñozek hitza hartu zuen elkarretaratzean eta deitzaile guztien izenean salatu zuen herritarrei ez ematea erabakitzeko aukerarik. Borboi berri bat Espainiako Estatuko buru izendatzeko dagoen presa ere nabarmendu zuen.

Hogei sindikatu, alderdi eta eragile baino gehiagok egin zuten bat deialdiarekin; tartean daude Nafarroako Ezkerreko Batzorde Errepublikarra, EH Bildu, Batzarre, Podemos, Geroa-Bai, EPK, Nafarroako Gazte Sozialistak, Izkierda Antikapitalista, LAB, ELA, STEE-EILAS, Solidari, ESK, CGT, Eraldatu, Gazte Komunistak, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Duintasunaren Martxak Nafarroan, Emakume Aurrerakoiak, Emakumeen Mugimendu Demokratikoa eta langabezian eta egoera prekarioan dauden pertsonen kolektiboa.

Milaka lagun 'Monarkiarik ez, herritarrena da erabakia' lelopean

Antolatzaile berdinek deitu zuten joan den larunbatean Iruñean egindako manifestazioa. 15.000 lagun inguru elkartu ziren Iruñeko kaletan monarkiaren aurka eta 1970eko hamarkada amaieratik indarrean den erregimenaren amaiera eskatzeko.

Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere izan ziren joan den astean errepublikaren aldeko martxak. Deitzaileek mobilizazio berriak iragarri dituzte ekainaren 18an Felipe Borboikoa tronuan jartzen dutenerako.