"Errepublika txikia" bide eta helburu

  • “Abian” eztabaida ondoren, eta udako “etenaldi politikoak” ematen digun aukeraz baliatuz, Sorturen eta, oro har, Ezker Abertzalearen berrosatze prozesuek nora eraman behar gaituzten hausnartzea dagokigu militanteoi.


2016ko abuztuaren 19an - 11:15

Euskal bide horretan, adibidez, nire ustez hasieratik baztertu beharko genituzke alderdi politikorantz hurbilduko gintuzketen dinamika guztiak, antolaketa eredu horrek nolako kalteak sortu dituen ikusi eta ikasi dugulako. Komunitate gisara bere burua antolatu nahi duen jendarte mugimendua osatzera jo beharko genuke, askoz ere aberatsagoa, zuzenagoa eta demokratikoagoa delako, inolako zalantzarik gabe. Hori bai, jendarte mugimendu izateak ere bere mugak dituela aitortu behar dugu, normalean sistemak antolaturiko ereduaren aurkako borrokan murgiltzen baitira, sistemak markaturiko zelai jokoan eta beraiek finkaturiko joko arauen menpe askotan.

Horregatik guztiarengatik, egungo antolaketa ereduak gaindituz, bere burua auto-eratu eta autogestionatuko lukeen euskal komunitatea sortzen eta osatzen lagunduko lukeen ez-ohiko jendarte mugimendua bihurtu beharko genukeelakoan nago. Beste hitzetan esanda, euskal estatu sozialistaren euskal bidean, gaurdanik, eguneroko praktika politikoan, sozialean eta sindikalean, Euskal Herriko ezker osoa beregan bilduko lukeen “errepublika txiki” gisara funtzionatuko lukeen euskal komunitatea osatzen lagundu beharko genuke. “Errepublika txikia”, bihar sortuko dugun euskal estatu sozialistaren isla –eta bitartekoa– izan beharko luke, euskal jendartearen zein mundu osoaren aurrean zer egitera goazen erakutsiz.

Gauzak horrela, kapitalismoaren eta, oro har, sistemaren ereduaren “kontra” borrokatzeko jendarte mugimendua edota indar politiko izatetik, nagusiki gure ereduaren “alde” lan eta borrokatuko duen komunitate eraikitzailea bultzatuko lukeen ez-ohiko jendarte mugimendua izatera pasa beharko genuke. Lehenago ere horrela jokatu izan dugu. Frankismo garaian, adibidez, diktaduraren hezkuntza eta eredu pedagogikoaren “kontra” nagusiki aritu beharrean, batez ere gure ereduaren eraikuntzaren alde jo genuen hezkuntza alorrean, ikastolen edota helduen euskalduntze alfabetatzearen aldeko mugimenduen sorrera bultzatuz, hain eraginkorrak izan ziren desobedientzia eta ekintza zuzenaren bidetik. Euskaldunok eredu bilakatu ginen jende askoren aurrean.

Eta zeintzuk lirateke komunitate auto-egituratu horrek bideratuko lituzkeen

Bere burua auto-eratu eta autogestionatuko lukeen euskal komunitatea sortzen eta osatzen lagunduko lukeen ez-ohiko jendarte mugimendua bihurtu beharko genukeelakoan nago

.

Lehenik eta behin, “errepublika txikiak”, antolaketa ereduan zein eguneroko barne zein kanpo funtzionamendu eta praktika politikoan, euskal herri langilearen interesak, klase herritarrarenak eta langileriarenak, defendatuko lituzke. Beste era batean esanda, euskal jendartearen gehiengoaren interesak oinarritzat hartuko lituzke eta baita hauek babestu eta antolatu ere, bere eraikuntza prozesu osoan. Klase aliantzaren emaitza izango litzateke, beraz, “errepublika txikia” eta ez konpromiso sozial inter-klasistarena. Hori bai printzipio feminista eta ekologistatan sustraiturikoa litzateke eta, nola ez, nagusiki euskaraz funtzionatuko lukeena, hau da, euskalduna litzateke.

Eta, bestetik, barne antolaketa zein barne funtzionamenduan, erradikalki demokratikoa izango litzateke “errepublika txikia”. Barne demokrazia zuzenaren bidez kudeatuko luke bere burua, maila eta esparru guztietan. Bere dinamizazio zein gidaritzarako egitura zabal eta kolektiboak ere, modu zuzenean eta batzar irekietan, hautatu eta izendatuko lituzke kideen artean. Hautatu horiek, ez lirateke “errepublika txikia” bultzatuko luketen alderdi politikoetako ordezkariak soilik izango. Izan ere, demokrazia burgesetan herri ordezkaritzarako alderdi politikoek duten ahalmen esklusiboa, sindikatu eta eragile sozialetara zabalduko litzateke “errepublika txikian”, garai batean osatu genuen Euskal Herriko Batzar Nazionalean (EHBN) egin genuen moduan. “Errepublika txikia” dinamizatzeko eta gidatzeko osaturiko egitura zabal eta kolektibo horietarako hautaturiko kideak, komunitatea bultzatzen duten alderdi politiko, sindikatu zein herri erakundeetako kideak izango lirateke, baina ez hauen ordezkatzaileak inolako egituratan.

Gauzak horrela, ezkerreko abertzaletasun iraultzailearen ikur konpartitua izango litzateke “errepublika txikia”. Gure teoria eta praktika iraultzaileak uztartuko lituzkeen euskal eredua litzateke, bertatik bertarako sortutakoa, praktikoa, jendarte eta mundu osoaren aurrean eraiki nahi dugun jendarte eredu anitza erakutsiko lukeena. Beraz, euskal estatuaren eta euskal sozialismoaren bidean, funtsezko ekarpena izango litzateke “errepublika txikia”, independentea, sozialista, feminista, euskalduna, ekologista, laikoa, hamaika koloretakoa, kulturalki anitza eta demokrazia zuzenean oinarritutakoa.

“Errepublika txikiak”, abertzaletasunetik edota ezkerretik gatozen kideak, komunitate bakarrean bilduko gintuzke, zein nahi delarik egungo gure antolakundea. Herritar eta langileen ahalduntzea ekarriko lukeena litzateke, integrala eta borroka molde ezberdinen uzta garbia. Nola ez, eraikitzailea, auto-antolatua eta autogestionatua litzateke, erakargarria eta ilusio sortzailea. Eta, azkenik, inposatu nahi diguten eredu kapitalistaren aurrean, matxinatua, desobedientea eta intsumitua. Bi hitzetan esanda, egungo ereduaren aurrean, behetik eta ezkerretik eraikitako prozesu askatzaile eta desobedientearen emaitza izango litzateke “errepublika txikia”.

Aliantza instituzionala ez litzateke zentrala izango "errepublika txikian", guztiz instrumentala baizik

Hori bai, sortu nahi dugun euskal estatuaren bidean, egungo sisteman eta instituzioetan eragiteko bere adierazpen politiko instituzionala beharko luke “errepublika txikiak”: aliantza instituzional eta elektorala nahi bada, baina guztiz instrumentala eta inondik ere ez zentrala. Egungo instituzioetara bideratu behar diren erabaki guztiak ere, modu kolektiboan hartuko lirateke “errepublika txikian” eta, ondoren, egungo instituzioetara bideratuko lirateke. Baina egungo instituzioek edota bertan lan egiten duten komunitateko kideek ez lukete “errepublika txikiaren” agenda eta lan erritmo politikoa markatuko. Horretarako, besteak beste, “errepublika txikia” dinamizatzeko eta gidatzeko hautatuak ez lirateke egungo sistema instituzionalean parte hartuko luketen kide berak izango. “Errepublika txikia” egungo instituzioetan parte hartuko ez luketen “hautatu komunitarioak” zuzendu eta kudeatuko lukete eta ez egungo instituzioetara joan behar duten “hautatu instituzionalak”.

Eta bide eta helburu ez-konbentzionala den “errepublika txikia” bideratzeko, funtsezkoa litzateke gaurdanik bi zutabe indartzea. Batetik, kideen konpromiso eraikitzaile pertsonalak jostea eta kolektibizatzea. Eta, bestetik, ekintza zuzena zein desobedientzia kolektiboa bultzatzea, dialektika digitalean geratzen den konfrontazio politiko eta instituzionala, eraldatzailea ez delako. Iraultza ez da sarean egiten, sarearen bidez antolatzen da, baina kalean egiten da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude