Errepresioari aurre egiteko kanpaina bat abiatu du Palestinarekin Elkartasunak, hainbat lagun deklaratzera deitu edo zigortuko baitituzte Vueltako nahiz Zinemaldiko protestei lotuta.
Asteazken goizean, Donostian egin dute agerraldi bat Palestinarekin elkartasunez mobilizatu diren hainbat pertsonak, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskutik. Azaldu dutenez, auzipetuta daude hainbat lagun Palestinaren aldeko ekintza batzuen harira, esaterako, Donostiako Zinemaldian Zurriolako zubian izandako protesta edo Vuelta Euskal Herritik igarotzean Israel Premier Techen aurka egindako mobilizazioak; besteak beste Irunberrin, Enekurin eta Bilboko erdigunean. Zenbait lagunek laster deklaratu beharko dute edo aurki ezarriko dizkiete zigorrak protesta horiei lotuta, eta horren aurka, "errepresioari aurre egiteko kanpaina politiko eta ekonomiko" bat jarri du martxan Palestinarekin Elkartasunak.
Bihar bertan deklaratu beharko du kide batek Donostian, "Zinemaldiaren testuinguruan ekimen desnormalizatzaile bat egiteagatik". Irunberrin Israel Premier Techen aurka protesta egin zuten hainbat pertsonak, berriz, abenduaren 18an deklaratu beharko dute epaitegian, eta Vueltan Bilboko helmugan atxilotu zituzten hiru lagunek urtarrilaren 14an pasatu beharko dute epailearen aurretik. Enekurin La Vueltako 11. etaparen hasiera oztopatu zuten zenbait pertsonak, gainera, laster jasoko dute 3.000 euroko isuna.
Elkartasuna gora, errepresioa gora
Palestinarekin Elkartasunak salatu du "Palestinarekiko elkartasun-mugimendua indartzearekin batera" areagotu dela "bere aurkako errepresioa", "bereziki Israelen konplize diren Mendebaldeko herrialdeetan". Eta gaineratu du: "Estatu genozidaren erasoaldi bortitzenaren aurrean, elkartasun-mugimendu indartsu baten existentziak errelato sionista ez nagusitzeko arriskua dakarkie, eta hori ahalik eta gehien oztopatzeko interesa dauka Mendebaldeko oligarkiak".
"Elkartasun-mugimenduaren aurrerapenaren aurrean, kaleak desaktibatzen saiatzen ari dira", seinalatu du plataformak. Horretarako, "Trumpen planaren eta su-eten faltsuaren bitartez bakea dagoela" eta "borroka jada ez dela beharrezkoa" saltzen dute "komunikabide nagusien" bidez, agerraldian ohartarazi dutenez; eta, horrekin batera, "borrokatzen duenari errepresioz erantzuteko saiakera" etengabeak izaten ari dira. Hainbat kasu larri ekarri dituzte gogora: "Britainia Handian Palestine Action taldearen ilegalizazioa eta 2.000tik gora atxiloketa taldeari elkartasuna adierazteagatik; Frantzian Urgence Palestine eta Palestine Vaincra taldeak legez kanpo uztea; Alemanian nazionalitatea lortzeko Israelen existentzia-eskubidea aitortzearen baldintza jartzea…".
Kolpeak kolpe, Palestinarekiko elkartasuna nagusi
Plataformak uste du, hala ere, "elkartasunak eta antolakuntzak" lortu dutela "Israelen aurkako jarrera eta palestinar herriaren zein erresistentziaren aldeko iritzia nagusitzea [...] herrialde askotan eta hainbat sektoretan". Oroitarazi du elkartasun-mugimenduek nola lortu duten, hainbat momentutan eta ekimenetan, "gure egunerokoa desnormalizatzea" eta "Israelen konplizeak zokoratzea". Lorpen horietako batzuk aipatu ditu: "Euskal Herrian bertan, 2025eko apirilean Israel Premier taldeak Tech Lizarran ez parte hartzea, ekainean Donostian jokatzekoa zen junior mailako surf txapelketa bertan behera uztea Israelen parte-hartzeagatik, Elitzur Ramla taldeak Gernikan ez jokatzea, Sestaoko Xake Txapelketan jokalari israeldarrek ez parte hartzea, eta Sidenorrek edota AMC Mecanocauchok harreman komertzial batzuk bertan behera uztea lortu da".
Aldarrikatu du, hala, Vueltako mobilizazio-zikloa "sinbolo bihurtu" dela, "Euskal Herrian indar handia hartu" baitzuen eta "Israel Premier Tech talde sionistaren desagerpena eragin" baitzuen. "Palestinar herriaren eta erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka forma oro zilegia eta beharrezkoa da, ekintza zuzena eta desobedientzia barne", azpimarratu dute prentsaurrekoan.
Mendebaldeko instituzioen hipokrisia jo-puntuan
Beste behin ere, "instituzioen hipokrisia" seinalatu du Palestinarekin Elkartasunak: "Diskurtsoak Palestinako genozidioaren aurkako hitzez eta Israelekin harremanak eteteaz bete badituzte ere, herri langilea izan da hori praktikan jarri duena. Orain, ordea, gobernuek Israelen eta bere konplizeen aurkako neurri efektiborik edota zigorrik hartu ez, eta haiek hitzez esandakoa ekintzez gauzatu dutenen kontra bidali dituzte poliziak eta auzitegiak".
Beharrezkotzat jo du ez uztea "elkartasunaren aurkako errepresioa normalizatzen", "errepresioa bera gogortzeko baldintzak jarriko genituzkeelako". Eta sakondu du: "Errepresioa Israel eta sionismoa babesteko beste forma bat da [...]. Denon garaipena izan da Vuelta oztopatzea eta sionismoaren konplizeak seinalatzea. Orain, errepresioari denon artean erantzun beharrean gaude". Horiek horrela, plataformak funtsezkotzat hartu du "injustizia ororen aurka borrokatzeko baldintzak hedatzea".
Elkartasun-dinamikak hurrengo hilabeteetan, eta bi hitzordu datozen egunetarako
"Errepresioa salatzeko eta kostu ekonomikoei aurre egiteko" asmoz egingo dute kanpaina bat hurrengo hilabeteetan, eta bi hitzordu jarri dituzte jada: bihar goizean, Donostiako epaitegi aurrean bilduko dira deklaratuko duen kideari babesa emateko, eta abenduaren 18an ere Irunberriko auzipetuekin elkartasunez elkarretaratuko dira.
Bestalde, martxan diren prozesu judizialei eta zigorrei aurre egin ahal izateko, crowdfunding kanpaina bat irekiko dute eta elkartasun-materiala sortuko dute. Horrekin batera, abian diren bestelako elkartasun-dinamikak babestu dituzte agerraldian, esaterako, Larrabetzuko hainbat lagunek jasandako isunei aurre egiteko ekimena.