argia.eus
INPRIMATU
Erreparaziorako eskubiderik ez duela salatu du Otaegiren familiak, epaileak auzia artxibatu ondoren
  • 2016ko irailaren 27an, Angel Otaegi frankismoak fusilatu zuela 41 urte betetzen ziren egunean, haren familiak kereila kriminala jarri zuen Azpeitiko epaitegian. Epaileak ez du aintzat hartu eskaera.

ARGIA @argia 2016ko abenduaren 12a
Eneko Etxeberria, Mertxe Urtuzaga eta Mikel Elortza Angel Otaegi zenaren etxe aurrean. Arg.: (Azpeitiko Udala) Eneko Etxeberria, Mertxe Urtuzaga eta Mikel Elortza Angel Otaegi zenaren etxe aurrean. Arg.: (Azpeitiko Udala)

Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusinaren esanetan, “justiziarik ez dago guretzat, eta oraindik larriago dena egia jakiteko, zer pasatu zen jakiteko, eskubiderik ere ez dugu. Ez digute bere garaiko epaiketako paperik ere ematen”. Familiak 41 urte daramatzala minez adierazi zuen.

Kereilaren atea ixteko epaitegiak bi arrazoi nagusi eman dituela azaldu zuen Mikel Elortza familiaren abokatuak: “Alde batetik, fusilatu zutenetik 41 urte pasatu ostean, kasua eta erantzukizunak preskribatuta daudela diote; eta, bestetik, amnistia legea oraindik indarrean dagoela dio epaitegiak bi foliotan”. Espainiako epaitegietan hainbat kasutan erabilitako arrazoi berak ibili dituztela azaldu zuen.

Elortzaren esanetan, “Angel Otaegiren sumarioa ofizialki desagertuta dagoela esan diote familiari zein kasua ikertzen aritu diren historialari eta kazetariei beti. Kereilaren bidez argitu zitekeen sumarioa benetan galduta dagoen, edo benetan non duten gordeta dokumentazioa”. Testigantzak jasotzea ere ahalbidetuko zuela esan zuen: “Orain ezingo da kasuko lekuko izan ziren horien testigantzarik jaso ofizialki. Momentu hura bizi izan zutenak ez ditu epaile batek entzungo, eta orain arte bezala, familiak ez du erreparaziorako eskubiderik izango”. Beraz, duela 41 urteko abiapuntu berean daudela adierazi zuen.

Abokatuak jakinarazi zuenez, Gipuzkoako Auzitegi Nagusian errekurtsoa jarri dute, nahiz eta esperantza gehiegirik ez izan: “Nazioarteko legediaren arabera gizateriaren aurkako krimenak ez dira preskribatzen, eta Angel Otaegiren kasua bide horretatik iker daiteke; amnistia legea Espainiako Konstituzioaren aurreko legea da, eta Konstituzioak berak indargabetzen duela ulertzen dugu”, adierazi zuen Elortzak.  

Kereila Otaegiren kasuari buruzko egia jakiteko helburuarekin jarri zela gogorarazi zuen familiak, eta Otaegiren hilketan parte hartu eta tiroz hiltzea sinatu zuten arduradunetako batzuk oraindik bizirik daudela salatu zuen: “Inoiz ez dute epaitegi batean deklaratu beharrik izan, ez direlako deituak ere izan”.

Udala ere auzian izango da

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi zuen ez dagoela “lehen mailako eta bigarren mailako biktimarik” eta jakinarazi zuen hilketatik 41 urtera herrian Otaegiren argazki bat jartzea salatu zuela Covitek eta, ondorioz, zenbait lagun Espainiako Auzitegi Nazionalean horregatik inputatuta daudela. Alkateak jakinarazi zuenez, Azpeitiko Udala kasuan pertsonatuko da eta estatuan jarraipenik ez badu Argentinara jotzeko prest dago.