Fase ugariren ostean, abiatzeko gutxi falta zaio gazteentzako lehendabiziko etxebizitza komunitarioari Errenterian. Ostegun honetan zozketatuko dituzte logelak, ekitaldi publikoan. Eraikina Udalak jarri du eta elkarbizitzarako konpromisoak eta antolaketa gazteek eurek finkatu dituzte.
18-30 urteko gazteei zuzendutako etxebizitza da, adin horretan nabaria den emantzipatzeko zailtasunari aurre egin asmoz. Atzerriko hainbat esperientzia abiapuntu hartuta definitu dute proiektua eta prozesu parte-hartzaile baten bidez adostu dituzte irizpide nagusiak. Bost bilera egin dituzte eta 68 gaztek hartu dute parte.
Errentaren araberako alokairua eta auzolanerako konpromisoa
Etxebizitza komunitarioaren oinarriak honakoak dira: Errenterian erroldatutako 18tik 30ra urte bitarteko gazte guztiei irekita egongo da; hiru urtez edukiko da bertan bizitzeko eskubidea; ez da eraso sexista, arrazista eta homofoborik onartuko; konpromiso soziala erakutsi beharko da jardueren antolaketan eta auzolanean (hilean gutxienez 9 ordu); errentaren araberako alokairua izango da, soldataren %15 (gastuak barne); denek partekatuko dituzten espazioak izango ditu eraikinak eta horien gestioa auzolanean egin beharko dute bizilagunek.