Musika, artea eta hizkuntza ardatz izango dira Donostia 2016k antolatutako Tosta jaialdiaren azken txanpan.
Irailaren 22tik 25era izango da jaialdia eta Tosta egitasmoak apiriletik egin duen bidaiaren helmuga izango da Errenteria. Lau eguneko egitaraua prestatu dute eta garrantzi berezia izango dute musikak, arte-lanek eta hizkuntza gutxiagotuek.
Euskal Herria, Gales, Kornualles, Eskozia, Irlanda, Frisia eta Galizia hizkuntz komunitateak dira gonbidatuak. Hizkuntza bakoitzeko ordezkariek osatutako musika taldeak, Tosta Bandak, kontzertua eskainiko du. Tosta Bandaz gain, zazpi hizkuntza komunitate horietako musika taldeak igoko dira oholtza gainera.
Jaialdiak irauten duen lau egunetan Tosta egitasmoan parte hartu duten sortzaileek haien arte-lanak erakutsiko dituzte.
Irailaren 23an, zazpi hizkuntza komunitateetako ordezkariak mahai-inguruan bilduko dira eta haien hizkuntza errealitateaz hitz egingo dute.
Donostia 2016k bultzatutako egitasmo honen helburua hizkuntza eta kultura gutxiagotuen inguruan kontzientzia piztea izan da.