Atlantikoko herrien kultura eta musika bilduko ditu Errenteriak irailaren 18tik 21era Atlantikaldia jaialdiaren lehenengo edizioan. Errenteriak itsasoarekin izan zuen lotura berreskuratzeko helburuarekin antolatu du Udalak jaialdia, eta egitaraua herriko gizarte eragileekin elkarlanean osatu dute.
Atlantikaldiaren ardatza Oiartzun ibaia izango da, eta honen inguruan antolatu dira ekimen guztiak sei gunetan banatuta. Erakusketak, artisau-azoka, bisita gidatuak eta dantza eta musika emanaldiak hartuko ditu jaialdiak, beste ekitaldi askoren artean.
Musikak pisu handia izango du: The Bonny Men Irlandako folkloreaz edota Hamdacha de Fes eta DJ Clikc-en Maroko eta Frantziaren arteko mestizaiaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta Celtas Cortos taldearen kontzertua izango da irailaren 20an. Musika emanaldiak eta beste ekitaldi guztiak dohanekoak izango dira.
Julen Mendoza Errenteriako alkateak jaialdiaz disfrutatzeko gonbitea luzatu du: “Errenteriako ateak zabalik izango ditugu Euskal Herritik eta atzerritik etortzen diren guztientzat”. Etorkizunean jaialdiarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi du baita ere.
Errenteria, itsasoari lotuta garatutako herria
1590 eta 1730 urteen artean Errenteria Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetarikoa izan zen. Itsas merkataritzak pisu handia zuen herriaren ekonomian eta alde zaharrean oraindik ere itsasoko jarduerarekin lotura duten armarriak ikus daitezke. Are gehiago, Atlantikaldia jaialdiaren logotipoa armarri horietako bat izango da, Beheko kaleko ateburuarena, hain zuzen ere.
Jaialdiari buruz gehiago jakiteko Atlantikaldia aldizkaria hemen irakurri daiteke.