Errekor tristea: gutxienez 200 pertsona hil zituzten 2016an ingurumena defendatzeagatik

  • Global Witness taldeak urtero kaleratzen duen txostenak zifra lazgarria dakar: 2016an gutxienez 200 pertsona hil zituzten “beren lur, baso eta ibaiak babesten saiatzeagatik meatzaritza, nekazaritza eta egurgintzako enpresen aurrean”. Hau da, lau hildako astero, batez beste. Kopuru hori inoizko altuena da, eta benetakoa, seguruenik, handiagoa da Global Witnessen esanetan, kasu askotan ez baita hilketen berririk zabaltzen, are gutxiago ikertzen.  


2017ko uztailaren 14an - 13:21
Brasilen ostean, Kolonbia izan zen 2016an lurraren edota ingurumenaren defentsan eraildako gehien izan zuen herrialdea. (Arg.: Rafael Ríos)

Aurreko urtean baino hamabost hildako gehiago izan ziren iaz, eta hilketak herrialde gehiagotan izan ziren: hamasei 2015ean, hogeita lau 2016an. Kopuru absolutuetan Brasil izan zen ekintzaile gehien hil zuten herrialdea (49); biztanle kopuruko hildako gehien, Nikaraguan izan zen (11), baina hamarkadako herrialderik arriskutsuena Honduras da. Hain zuzen, berriki jakin da bertan behera utzi dutela Berta Cáceres hondurastar aktibistak aurre egin zion urtegi proiektua.

Nikaraguan, berriz, ingurumenaren aldeko borroka eta haren aurkako errepresioa areagotu ditu herrialdea bitan zatituko duen ozeanoen arteko kanal baten proiektuak.

Meatzaritza, sektorerik “odoltsuena”

Global Witnessen txostenak azaltzen du hilketa kopuruak goia jo duela Kolonbian, orain gutxi arte gerrillen kontrolpean izandako lur eremuak multinazional handien ikusmiran sartuta, eta babestutako parke naturalak zaintzeak arriskua dakarrela Afrikan: Kongoko Errepublika Demokratikoan zeregin horretan zebiltzan bederatzi hildako izan ziren.

Meatzaritza da hilketa gehienekin lotutako industria. Gutxienez 33 militante hil zituzten sektore horretako proiektuei aurre egiteagatik. 23 hilketak nekazaritza industrialarekin izan zuten zerikusia, eta 25ek egurraren negozioarekin (2015ean baino hamar gehiago). Indian izandako hamasei hilketatik gehienak meatzaritzari lotutakoak izan ziren, baita Filipinetako 28etatik ere.

Mundu osoan hildakoen %40 inguru beren lurren defentsan ari ziren indigenak izan ziren.

Bestelako erasoak eta kriminalizazio saiakerak

Global Witnessek nabarmendu du ingurumenaren aldeko ekintzaileek jasaten dituzten erasoen muturreko kasua baino ez direla hilketok. Horrekin batera, zabalduz doa haien kriminalizazioa. Ipar Dakotan (AEB), esaterako, oso boto gutxiko aldeagatik ez zen onartu errepidea oztopatzen duen ekintzaile bat autoaz jotzea zigorgabetu nahi zuen legea.

Ingurumenaren alde ari direnak, sarritan, “gaizkile modura aurkezten dituzte, eta asmatutako kargu faltsuei edota kalte-ordain eskari neurrigabeei egin behar izaten diete aurre”, dio Global Witnessek.

Beren lurrak defendatzeagatik munduko nekazari askok jasaten duten errepresioa izango da Derion egingo den La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarreko hizpide nagusietako bat, hain justu. Besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak nekazarien oinarrizko eskubideen aldarrikapen bat egin dezan lanean ari da La Via Campesina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-25 | Sustatu
'Mendiurrena': Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


Eguneraketa berriak daude