Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu edota antzeko giza eskubideen batzordeetan parte hartzen duten lagunekin gogoeta egiteko izango dela iragarri du.
Nafarroako Torturatuen Sareko Ainara Gorostiaga eta Mikel Soto bozeramaileek torturari buruzko III. Nazioarteko Konferentzia aurkeztu dute asteartean Iruñean. Nafarroako Gobernuaren zein Iruñeko Udalaren eskutik antolatutako ekimena da, azaroaren 22an Iruñeko Planetariumean egingo dena, “Giza Eskubideen Batzordeak: oztopoak, lorpenak eta erronkak” lemapean. Batzordeak “kasu gehienetan ukazio eta estigmatizazio aldi luzeen ondoren gertatzen den errekonozimendua” ziurtatzen dutela azaldu du antolakuntzak.
Motibazio Politikoko Biktimen 16/2019 Foru Legearen markoan Nafarroako torturaren biktimei lehen aitortza ofiziala egin zitzaien aurtengo apirilean. Oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu edota antzeko giza eskubideen batzordeetan parte hartzen duten lagunekin gogoeta egiteko dela adierazi dute antolatzaileek.
Torturari buruzko III. Nazioarteko Konferentzia zati bitan dago banatuta: lehenik, Pinocheten diktadurapean atxilotua nahiz torturatua izan zen Rita Peña txiletarrak hitzaldi bat emango du, horren harira 2003an Espetxe Politikoari eta Torturari buruzko Batzorde Nazionalean, hots, Valech Batzordean parte hartu zuenak. Bigarrenik, Giza Eskubideen Behatokiko kide eta abokatu den Iratxe Urizarrek torturaren auzia landuko duen mahai-ingurua egingo du Kataluniako Generalitateko Justizia, Eskubide eta Memoria sailburu ohi Gemma Ubasartekin eta Jon Mirena Landa katedratiko, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako, eta egun Jaurlaritza bereko estatuen biktimen aitortzarako batzordeko kidearekin batera.
III. Nazioarteko Konferentzia osatuko duten batzordeok “giza eskubideen urraketei lotutako gertakariak, kausak eta ondorioak argitzeko eratzen diren” erakunde ofizialak eta ez-judizialak dira, iraupen mugatua dutenak.
“Berandu eta poliki bada ere”, Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi dela iragarri du Nafarroako Torturatuen Sareak. “Nafarroako gizarteari egin diezaioketen ekarpenik handiena” dela adierazi du, izan ere, “ez dute biktimek bakarrik merezi errekonozimendua eta erreparazioa, gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei ere zor diete gertatutakoa argitzea”. “Eurei gertatutakoa” berriz inori, inoiz gerta ez dakion antolatutako batzordeen lorpenen, oztopoen eta erronken gainean hausnartzea“bide bakartzat” jo du antolakuntzak.