Gasteizko Udalak Errege Magoak aldatuko dituela jakinarazi du, 40 urtez paper hori bete dutenek ez dakitelako euskaraz eta ez dutelako gaitasunik haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Gorka Urtaran alkatearen eta euskararen kontrako mezuak eta irainak jaurti dituzte sare sozialetan erabiltzaile ugarik erabakiarekin haserre.
Gasteizko Errege Magoek haur guztiekin hitz egin ahal izango dute normaltasunez euren hizkuntzan datorren urtetik aurrera, udalak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko gai diren pertsonak jarriko dituelako paper hori egiten. Hala adierazi du Gorka Urtaran alkateak bere Twitter kontuan: “Orain, ume gehienak, guztiak ez esatearren, elebidunak dira eta eskaintzen dizkiegun ekitaldiak, ofizialak diren bi hizkuntzetan ematea bermatu behar dugu. Errege Magoen harrera ere bai. Haurren interes gorenean pentsatuz, garai berrietara egokitzeko unea heldu da".
Alkatearen ustez, “belaunaldi aldaketa” baten ordua iritsi da. Azken 40 urtetan Errege Magoak antzezten aritu diren pertsonak ez dira gai izan haurrekin euskaraz hitz egiteko eta urtetako diskriminazio horrek kritika ugari sorrarazi du aurten, COVID-19a dela eta kalera atera ez diren arren, Mendizorrotzan antolatutako ikuskizunean ia erabat gaztelaniaz aritu zirelako:
Urtaranek azaldu duenez Errege Magoekin hitz egin du udalak eta “haiek ere bat etortzen dira hausnarketa honekin, haientzat ere ez baitago haurren zoriona baino desio handiagorik”. Nolanahi ere, Euskadi Irratiak nabarmendu duenez, Meltxor Errege moduan aritzen den Miguel Angel Zaldibar ez da erabakiaren aldekoa: “Ez da inolako arazorik egon, haurrek bi hizkuntzak menperatzen dituztelako eta oso ondo ulertzen dugulako elkar”.
Gorka Urtaran alkatearen eta euskararen kontrako mezuak zabaltzen ari dira sare sozialetan, erabakia “sektarioa” eta “erradikala” dela, euskaraz egin nahi duenak “Olentzerorengana joatea” duela edo haurrak "adoktrinatzen" dituztela esanez. Iñaki Oiartzabal Arabako PPko buruzagiak “paranoia urratzen duen nazionalismoa” izatea leporatu dio EAJri.
Hala ere, beste askok txalotu egin dute, 40 urteren ostean, nahi duten haurrek lehen aldiz euskaraz eskatu ahal izatea euren opariak normaltasunez.