argia.eus
INPRIMATU
Erregaiaren prezioa azken urtebeteko garestiena da Hego Euskal Herrian
  • Zazpi asteko igoera metatu du erregaien batez besteko prezioak: gasolinaren litroa 1,710 euroan dago, eta gasolioa, berriz, 1,602 euroan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abuztuaren 29a

Gasolinaren prezioa ez zen hain altua iazko azarotik, baina orduan litroko hogei zentimoko laguntza zegoen, Espainiako Gobernuak ezarri zuena apiriletik urte bukaerara arte. Beraz, orain baino garestiago ordaindu zen azken aldia 2022ko abuztuaren 1a izan zen, betiere Espainiako batez bestekoa hartuta –orduko hartan 1,943 euroan zegoen gasolinaren litroa, eta abuztuaren 2an 1,899 eurora jaitsi zen–.

Maiatzetik goranzko joera hartua du erregaien prezioak. Ekainean igoera geldialdian sartu zen aste pare batez, baina ordutik, uztail osoan eta abuztuan igoera mantendu du. Azken astean, itzulera operazio bete-betean, %1 garestitu da gasolinaren prezioa, eta gasolioa %0,9.

Europar Batasuneko Petrolio Buletinaren datuen arabera, gasolinaren batez besteko prezioa Espainiako Estatuan 1,7 eurokoa da gaur, eta gasolioaren prezioa 1,6 euro da.

Ukrainako gerra lehertu baino lehen, ez zegoen hain garesti

2021eko uda sasoian, gasolinaren unerik garestienean litroko 1,594 euro ordaintzen zen, eta dieselaren kasuan 1,479 euro.

Iazko udan erregistratu ziren preziorik altuenak: uztailean, gasolinaren prezioa litroko 2,141 eurokoa zen, eta gasolioarena 2,1 euro. Aintzat hartu behar da litroko hogei zentimoko deskontuak zeudela une horretan.