argia.eus
INPRIMATU
Erregai fosilak lurpean uzteko eskatzeko mundu mailako deialdia
  • Break Free mundu mailako plataformak mobilizazioak iragarri ditu maiatzaren 4tik 15era bitartean, munduko hidrokarburo erreserba ezagunen %80 lur azpian uztea eskatzeko. Beren aburuz, neurri hori beharrezkoa da klima aldaketari aurre egiteko Parisko Hitzarmena bete eta tenperaturaren hazkundea mugatzeko.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 04a
Abian da atmosferan pilaturiko CO2 kontzentrazioa milioiko 350 karbono zatira murrizteko mundu mailako kanpaina.

Espainiako Estatuko Lurraren Lagunak, Ekologistak Martxan, Greenpeace, SEO/BirdLife eta WWF plataforma ekologistek bat egin dute mobilizazioekin, eta gogorarazi dute atmosferan pilaturiko CO2 kontzentrazioa milioiko 400 karbono zatikoa izan zela joan den udaberrian. Milioiko 350 karbono zatiko muga ezarri zuen NASAko zientzialari James E. Hansenek 2007an; Lurrak 1988an gainditu zuen kopuru hori.

Azken urteetako tenperaturen erregistroa ere ekarri dute gogora plataforma ekologistek: tenperaturak erregistraturik dituzten urteen artean hamarretik bederatzi 2000. urte ostekoak dira; 2015a da inoiz erregistratu den urterik beroena.

Ekologisten esanetan, gisako arazoei aurre egiteko beharrezkoa da energia eredua aldatzea, eta azpimarratu dute orain dela horretarako momentua, “enpresa garrantzitsuenak energia berriztagarrietan inbertitzen hasiak direlako”. Energia eredu iraunkorrago eta garbiago baterako beharra aldarrikatu dute, 2050erako %100 berriztagarriak diren energietan oinarrituriko eredua lortzeko xedez.

Hainbat eskakizun egin dute horretarako: erregai fosilen ustiapenera bideraturiko diru-laguntzak ezabatzea, 2025era bitartean ikatz bidezko zentral termikoak ixteko bideari ekitea, fracking-a eta halako ustiapen teknikak baztertzea eta klima aldaketa aurkako legea sortzea.

Bizikleta Eguna

Bilboko Bizi Bizi txirrindulari taldeak bat egin du Break Freeren mobilizazioekin; Bizikleta Eguna antolatu dute maiatzaren 8an, Bilbon. “Esan agur erregai fosilei” lelopean, 12 kilometroko ibilbidea hasiko dute Arriaga plazan, 12:00etan; 4 kilometroko bizikleta martxa ere antolatu dute haurrentzat. “Kotxea protagonista ez duen bestelako hiri-eredua aldarrikatzea” da antolatzaileen xedea.