argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuentzat kanpamentu bat zabalduko duela iragarri du Parisko alkateak
  • “Ehunka batzuk” hartuko lituzkeen gunea datozen asteetan eraikitzeko asmoa adierazi du Anne Hidalgo sozialistak. Egun 10.000 errefuxiatu inguru daude Parisko harrera etxeetan.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 01
Grand Synthe hiriko kanpamentua hartu du eredutzat Parisek. Argazkia: Philippe Huguen/AFP/Getty Images

“Parisek ezin du besoak gurutzatuta gelditu Mediterraneoa errefuxiatuen hilerri bilakatzen ari den bitartean”. Hitz horiekin argudiatu zuen atzo Anne Hidalgo Parisko alkateak errefuxiatuentzat kanpamentu bat sortzeko erabakia. Hala, datozen asteetan hasiko dira eraikitzen hilabete eta erdian martxan egotea espero den kanpamentua, hiriaren iparraldean.

Nazio Batuen Erakundearen arauen arabera eraikiko da kanpamentua, eta 3,5 metro koadroko azalera izango du pertsonako. Elektrizitatea eta urarekin hornitutako gelaxkez osatuko da. Hidalgoren esanetan, gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin eraikiko da, eta Estatuari egitasmoaren kide izateko gonbita luzatu dio.

“Ezin dugu denbora gehiagoz onartu errefuxiatuak eta migratzaileak pairatzen ari diren egoera hau”, azaldu zuen agintari sozialistak atzoko agerraldian. Hala, kanpamentu berria hiriko harrera etxeetan dauden 10.000 errefuxiatuei “harrera duina” egiteko baliatu nahi du Hidalgok.

Eredu bezala, Grand Synthe hirian egin dutena hartu du Parisko alkateak.