Ehunka lagun atera dira kalera Hego Euskal Herriko hiriburuetan errefuxiatuen eskubideak defendatzera. Hirugarren urtez jarraian, “Europar Batasunaren politika ankerrak” salatu dituzte eta urteotan egoerak okerrera egin duela nabarmendu dute antolatzaileek.
Europako agintariei ez ezik, “gertuagoko” arduradunei ere mezua luzatu diete, jarrera bera dutela iritzita. Giza eskubideen errespetuarekin kezkatu beharrean, “gerraren negozioarekin aberasten eta mugak zaintzearekin” arduratuta egotea egotzi diete.
Europa inoiz baino espetxeagoa dela adierazi dute eta egoerak nabarmen egin duela okerrena. Mediterraneoa “hobi komun bat” dela esan dute, besteak beste. Atxiloketa guneak gero eta beteago daudela ohartarazi dute, azpimarratuz bertan dauden pertsonek bizi hobeago bat baino ez dutela nahi.
Iruñeko manifestazioan, esaterako, errefuxiatuen ihesaldi bat irudikatu dute. Horrez gain, Europara iristen direnean aurkitzen dituzten hormak behera bota dituzte, harrerak nola izan beharko lukeen islatzeko.
Donostian, aldiz, Juantxo Dominguez Bienvenidos Refugiados erakundeko bozeramaileak egoera oso larria dela berretsi du eta giza eskubideen aurka egitea egotzi dio Europari. “Bizi dugun une historiko honetan ez gara konturatzen Europako gobernuak gizaki orok dituen oinarrizko eskubideen eta askatasunen aurka egiten ari direla”.
Bilbon Udaletxe aurretik hasi eta San Frantzisko auzoraino egin dute manifestazioa. Gainontzeko deialdietan bezala, giza eskubideen aurka Europar Batasunak hartutako neurriak “zentzugabeak” eta “hiltzaileak” direla nabarmendu dute.
#NoUEFortaleza #NosMovemos25F @Caravana_AF @MugakZabalduz pic.twitter.com/Ls5vIGOf2B
— RefugiadxsGipuzkoa (@onetergi) February 25, 2018
Kalejira aldarrikatzailea Gasteizko erdigunean zehar. Europa gotorlekutik EZ!!#18o25 #25F18
📢Arazoa kalera ateratzen pic.twitter.com/uwkcCCVJnN
— OEE Araba (@ArabaOee) February 25, 2018