Europar Batasuneko ordezkariak batzartuta daude egunotan errefuxiatuen auziari irtenbidea eman nahian; Greziako irletatik irtenarazi eta Turkiara eraman nahi dituzte. Ezbaian dago, ordea, erabaki horren legezkotasuna. Gaiaren inguruko galderak argitzeko hainbat gako ematen ditu Eldiario.es agerkariak.
Legezkoa da taldean irtenaraztea?
Ez. Nazioarteko legediaren arabera, ez da legezkoa errefuxiatuak taldean irtenaraztea, ez duelako horien babes politikoa bermatzen. Alegia, legez kanporatzeko, babesa eskatu duen pertsona bakoitzaren egoera baloratu behar luke Europar Batasunak; taldeka kanporatzeak ez du hori bermatzen.
Errefuxiatuak Europar Batasuneko kide ez den herrialde batera bidaltzea onartzen du legeak?
Babes eskaera egin duen pertsona bakoitzaren egoera aztertu bada, bai; betiere, Europar Batasunak “hirugarren estatu seguru” gisa badu herrialdea. Bi baldintza bete behar ditu herrialde batek “estatu seguru” izateko: batetik, “errefuxiatuaren babes eraginkorra eskaini behar du eta inolaz ere, bere bizia arriskuan egon daitekeen herrialdera bidali”; bestetik, Genevako Hitzarmenean finkaturiko neurriak errespetatu beharko ditu herrialdeak, oinarrizko giza eskubideak eta babes eskatzaileen bizi-baldintza duina bermatuz.
Orduan, legezkoa da errefuxiatuak Turkiara bidaltzea?
Genevako Hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, ez da legezkoa. Greziak ez du “estatu seguru” gisa errekonozitzen Turkia. 1951n sinaturiko ituna oinarri, Turkiak europarrak soilik jasoko ditu babespean; hala ere, azken urteetan zenbait aldaketa egin dizkiote itunari, europarrak ez direnei babesa eskaintzeko, siriarrei kasu. Gainera, Europar Batasunak ezin du ziurtatu behin Turkian daudela, bertako instituzioek errefuxiatuak beren bizia arriskuan egon daitezkeen herrialde batera eramango ez dituztenik, Amnistia Internazionalak salatu duen gisara. Bestalde, Turkiak ez du haur errefuxiatuen eskolaratzea bermatzen: soilik errefuxiatuen herena dago eskolatua.
Europar Batasunak nola bidaliko ditu siriarrak Turkiara?
Turkia “estatu seguru” bilakatu nahi du Europar Batasunak eta horretarako, aldaketak exijituko dizkio herrialdeari. Babes politika aldatzeko eta giza eskubideak onartzeko eskatzen dizkio Europar Batasunak Turkiari, besteak beste.
Europak ez du errefuxiatu bat gehiago jasoko?
Martxoaren 7an sinaturiko akordioak “1:1” delakoa jaso zuen: itzultzen den migratzaile bakoitzeko, Europar Batasunak siriar bat jasoko du Turkiatik. Hori bai, bi urtean 72.000 errefuxiatu jasotzeko muga ezarri zuen Europar Batasunak. Kopuru murritza da azken urteetan itsaso bidez iritsi diren errefuxiatu kopurua aintzat hartuta: aurreko urtean milioi bat errefuxiatu baino gehiago iritsi ziren Europara.
Migratzaileak Melillatik taldean kanporatzearen alde dago Espainiako Gobernua, baina errefuxiatuen auzian aurka azaldu da. Zergatik?
Mariano Rajoyren Gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapaterorena gisara, migratzaileak taldean kanporatzen ditu Ceuta eta Melillatik, baina ez dago errefuxiatuak Turkiara itzularaztearen alde. Horren arrazoia ez dago oso argi: litekeena da Europar Batasunak errefuxiatuak itzultzean, horiek Iberiar Penintsularen hegoaldetik sartzen saiatzen hastea; Gobernuak hori saihestu nahi du.