argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuekiko akordioa bertan behera uzteko mehatxu Turkiak, EBk bisak ezabatu ezean
  • Turkiarrek Europar Batasunean sartzeko bisa edo baimenaren beharra indargabetzeko exijitu du Mevlut Cavusoglu Turkiako Kanpo Harremanetarako ministroak urria baino lehen, Frankfurter Allgemeine egunkarian. Bestela, “errefuxiatuak hartzeko akordioa bertan behera utziko” duela azaldu du.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 02a

Bisa ezabatzea Turkiak migratzaileen aferan EBrekin akordioa sinatzeko baldintzetako bat da; herrialdea EBn sartzeko negoziaketak azkartzea eta diru-laguntzak jasotzea dira beste biak.

Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren asmoek hautsak harrotu dituzte Europar Batasunean. Alemanian, bereziki: Angela Merkelen gobernuko kide den CSU alderdiko Horst Seehoferrek adierazi du akordioaren indargabetzea “ikagarrizko arazoa” litzatekeela. Bavariako sozialkristauak geroz eta kritikoago ageri dira Alemaniako gobernuaren migrazio politikekin.

Antzera mintzatu zen Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Juncker Austriako Kurier egunkarian. “Akordio hauskorraren etorkizunaz” kezkatuta agertu da Juncker. Bestalde, Erdoganek abiarazitako sorgin ehizak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du: “Heriotz zigorra ezartzen badu, EBn sartzeko negoziaketak kolpetik moztuko lirateke”.

Erdoganen aldekoak, kalera Kolonian

Jendetza bildu zen Erdoganen alde Koloniako manifestazioan: bertako udalaren arabera, 20.000 lagundik gora elkartu ziren Turkiako presidenteari babesa emateko. Manifestazioa 3.000 poliziaren zaintzapean egin zen.

Erdoganen jarraitzaileen deialdiari erantzunez, beste bost kontramanifestazio antolatu ziren: oposizioko alderdiaren jarraitzaileek, ultraeskuindarrek eta kurduek antolatu zituzten, bakoitzak bere aldetik. Istiluak izan ziren kurduen eta ultranazionalista turkiarren artean.