argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuak tiroka hiltzen ari da Turkia bere mugan
  • The Times egunkariaren arabera polizia turkiarrak 16 siriar hil dituzte muga gurutzatzen ari zirela, horietako 3 haurrak, baina gehiago ere izan daitezke.

ARGIA @argia 2016ko martxoaren 31

Europar Batasunak Turkiarekin errefuxiatuak kanporatzeko egindako akordiotik apenas igaro direnean hamar egun, The Times  egunkari britainiarraren albisteak eztanda egin du. Siriako poliziaren eta Turkian dauden trafikanteen lehen eskuko iturriak kontrastatu ditu, baieztatuz Giza Eskubideen Siriako Behategiak esandakoa: gutxienez 16 lagun hil dituzte mugan, gerratik ihesi zihoazela.

Egunkariak azaldu duenez hildakoen artean 3 haur ere leudeke, baina polizia turkiarrak tirokatu eta hildakoen kopurua handiagoa izan daiteke.

Hilketa horiek areagotu egin ditu Bruselak errefuxiatuak kanporatzeko daraman politikarekiko kritikak, batez ere Turkiarekin sinatutako akordioaz geroztik. Batasuneko kideek diote akordioa legala dela Turkia “hirugarren herri segurutzat” har daitekeelako. Errefuxiatuen kontra jazotako erasook herri “seguru” gisa aitortzeko baldintzen kontra doaz erabat ordea.