argia.eus
INPRIMATU
Errebote efektua
  • Errebote efektua aurrerapen teknologikoek sortzen duten egoera paradoxikoa da: energia-efizientzia altuagoa lortzean zerbitzu bera merkeago lor genezake, eta egoera horrek energia gehiago erabiltzera bultza gaitzake, balizko energia-aurrezkia murriztuz eta are desagertaraziz.

Ander Gortazar Balerdi @derzu_uzala 2014ko martxoaren 12a

Ingalaterra, 1865. William Stanley Jevons ekonomialariak ondorioztatu zuen ikatzaren efizientzia hobetu zuten aurrerapen teknologikoek –Watten lurrin-makina kasu– ikatzaren erabileraren gorakada izan zutela ondorio. Hau da, intuizioak dioenaren kontrara, ikatza aurrezteak ikatzaren kontsumoa igo zuela. Jevonsek ez zekien, baina Errebote Efektua deskubritu berri zuen.

Errebote efektua aurrerapen teknologikoek sortzen duten egoera paradoxikoa da: energia-efizientzia altuagoa lortzean zerbitzu bera merkeago lor genezake, eta egoera horrek energia gehiago erabiltzera bultza gaitzake, balizko energia-aurrezkia murriztuz eta are desagertaraziz. Irudiko Agbar dorrea (Bartzelona) adibide praktiko gisa: 4500 LED argik argiztatzen dute gauero, ohiko argiak erabiliz beharko litzatekeen energiaren %10 “soilik” erabiliz. “Soilik” hori kakotx artean, noski, aurrerapen teknologiko hori gabe fatxada ez litzatekeelako gauez argiztatuko.

Ehuneko hamarreko kontsumo jaitsiera hori, beraz, fikzioa da: errealitatea da energiarik kontsumituko ez lukeen fatxada bat, energia kontsumitzen duen fatxada batek ordezkatu duela. Ehuneko infinituko igoera, alegia.