argia.eus
INPRIMATU
Erreakzio ugari politikagintzan Baigorriko polizia operazioaren ondoren
  • Asteartean ETAko ustezko bi buruzagi atxilotu ditu Frantziako poliziak Baigorriko landetxe batean: Iratxe Sorzabal eta David Pla. Horiekin batera, ustezko ETAren nazioarteko aparatuko buru izandako Ramon Sagarzazu eta landetxeko jabe Pantxoa Flores ere atxilotu dituzte.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 23a
Frantziako poliziak eta Espainiako Guardia Zibilak elkarlanean egin dute polizia operazioa (argazkia: eitb)

Frantziako Poliziak eta Espainiako Guardia zibilak elkarlanean egin dute polizia operazioa.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa “ETAren heriotza agiria” dela esatera “ausartu” da, eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ere antzeko balorazioa egin du: atxiloketek “ETAren betiko desegitea” ekarriko dute, bere hitzetan.

Euskal Herriko alderdien adierazpenak

Sortuk gogor kritikatu ditu azken atxiloketak. Pernando Barrena bozeramailearen arabera, “ez du inolako zentzurik armagabetze betean eta bakearen aldeko jarrerarekin dabilenaren kontra” errepresio eta atxiloketen bidez erantzutea. Jokabide hori psikopatena soilik dela adierazi du emandako prentsaurrekoan.

EAJk atxiloketak ETAren amaierarantz “urrats bat gehiago” direla adierazi badu ere, kritiko agertu da ETAren nahiz Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Lehenaren jokabidea “justifikaezina” dela salatu du alderdiak, aldebakarreko armagabetzeari modu irmoan eta ordenatuan heldu beharra diola gaineratuz. Espainiako Gobernuari, berriz, espetxe politikan urrats txikiena ere ez eman izana leporatu dio, eta “enegarrenez ETAren zuzendaritza desegin dutela” azpimarratzea hauteskunde ziklo hasieraren seinaletzat jo du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

PSEk pozik hartu du atxiloketen albistea. Jose Antonio Pastorrek esan du poliziaren lana dela “terroristak atxilotzea eta justiziaren eskuetan ipintzea”. ETAri behingoz desegin dadila eskatu dio buruzagi sozialistak. “ETAk bere presoei egin diezaiokeen mesederik handiena da disolbatzea”.

Arantza Quiroga EAEko PPren lehendakaria haratago joan da atxiloketen ondorengo balorazioan. Bere hitzetan, alderdi guztiek onartu beharra dute “ETAk ez zuela inoiz existitu behar”. Quirogaren arabera, atxiloketa hauen ondoren “amaiera emango zaio Espainiako demokraziaren historia berriko garai ilunenari”.

Podemosek presoen eskubideak defendatu behar direla azpimarratu eta atxiloketen erabilera politikorik ez egiteko eskatu du.