argia.eus
INPRIMATU
Erraustegi proiektuari moratoria eskatu diote alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek
  • Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoak behar dituen azpiegiturei buruz hausnartzeko eta "eztabaida serio, sakon eta partekatua egiteko" sei hilabeteko luzamendua eskatu diete EAJ eta PSEri eragile hauek: EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza, Equo, ELA, LAB, ESK, CCOO, STEILAS, Eguzki eta Erraustegiaren Kontrako Asanblada.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2016ko uztailaren 22a

Uztailaren 28an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egingo duen batzarrean aurkeztuko dute luzamendu eskaera, bertan ordezkatuta dauden alderdiek. Erraustegiaren kontrako mugimenduak egun horretarako hainbat ekintza prestatzen ari direla iragarri dute eta herritarrei deia luzatu diete: "balizko mobilizazioen aurrean adi egoteko. Gipuzkoako gizarte zibil antolatuak besterik ezingo dio aurre egin makro proiektu 'publiko-pribatu' honi eta Gipuzkoa iraunkortasun eta osasunaren arlora bideratu".

Etorkizunean egin daitezkeen prozesu parte-hartzaileak zergatik ez diren benetan erabakigarriak izango ere azaldu dute.

Hona hemen eman dituzten azalpenak, osorik:

"Hondakinen kudeaketa 'erraustegia ala zabortegia' eztabaida sinplistara mugatzea da erraustegiaren eraikuntza defendatzen dutenen nahia. Arazoa horrela aurkezteak ez dauka ez hanka ez buru, eta hiritarrei barre egitea da.

GIpuzkoan, edozein lekutan bezalaxe, hondakinen kudeaketa trataeratik haratago doa, hondakinen bilketa eta sorkuntza ere kontuan hartu behar baitira. Beraz, benetako eztabaida hurrengo aukera hauen ingurukoa da: batetik, hondakinen sorkuntza murriztu eta sailkapen zein berrerabilpena hobetzeko lan egitea; ala, bestetik, benetako erronkari aurre egin ez eta ahalik eta gutxiena egiteko jarrera. Lehenengo aukerak erraustegiak baztertzen du eta bigarrenak erraustegia eraikitzera eraman gintzake.

Hori dela-eta, PIGRUG berrian dago gakoa, izan ere, berak definituko ditu hondakinei begira aurrera eramango diren politikak. Plan zaharraren iraunaldia aurten bukatzen da eta 2017-2030 epealdirako plan berria orain ari da osatzen. Gainera, EAJ-PSEren gobernuaren esanetan, berau prozesu parte-hartzaile baten bitartez osatuko omen da.

Hala balitz, logika eta koherentzia hutsagatik, PIGRUG berri honek erraustegirik behar ote dugun ala ez jaso beharko luke. Baina ez da horrela izango. Ingurumen diputatuak argi eta garbi azaldu du PIGRUG berriak edozein gauza esanda ere, erraustegia eraiki, eraikiko duela. Horrek hainbat arazo dakartza berarekin. Batetik, gogoetak eta proposamenak alferrikakoak bilakatzen ditu. Bestetik, parte-hartzeak zentzurik ez izatea dakar. Merezi al du parte hartzeak den-dena aurrez erabakita dagoenean? Parte hartzea al da hori?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eztabaidari buelta eman dio. Plan honekin hondakinak kudeatzeko zein azpiegitura behar dugun erabakitze-aukera eman beharrean, gobernu honen egoskorkeriak Kudeaketa Plan berriaren eduki osoa erraustegia eraikitzearen menpe uzten du. Eta, ez dezagun ahaztu, plan berri hau 2030 arte indarrean egongo da eta erraustegia gutxienez 2055 arte martxan. Bidezkoa al da? Inongo eztabaidarik gabe, ez. Gure ustez, hau guztia banka eta errausketaren aldeko lobbyaren inposaketa baino ez da.

Administrazioaren arlo guztietan erabaki politikoak hondakinen murrizketa, berrerabiltzera eta birziklatzearen alde bideratzen ari dira. Hurrengo hiru urteetan Europar Batasunak ekonomia zirkularra eta ekodiseinua bultzatzeko araudi ezberdinak prestatuko ditu. Herritarren kontzientziazioa gero eta handiagoa da. Hau guztia tarteko, urtero-urtero birziklatu edo berrerabili ezin den hondakin kopurua gero eta txikiagoa izango da.

Ez dago zalantza izpirik hau guztia erraustegi toxikoaren proiektuarekin bateraezina dela. Errefusa murriztuz joan ahala, malgua eta moldagarria den sistema bat behar dugu. Denok jakin badakigu erraustegia instalazio konplexua dela, etengabe elikatua izan behar dena errentagarria izateko.

Eraiki nahi duten azpiegiturak urtean 200.000 tona tratatzeko kapazitatea izango luke. Azpiegitura hori mantentzeko, gipuzkoarrok 34,5 milioi euro ordaindu beharrean ginateke urtero. Hau da, 200 euro zabor tona bakoitzeko, espainiar estatuko errausketa plantarik garestienean (Palma de Mallorcakoa) baino %50 gehiago. Prezio hori ordainduko genuke, baldin eta 165.000 tona zabor sortuko balira; baina, aipatu bezala, eszenatoki hori ez da desiragarria eta ez da aurreikusi behar dena, izan ere, errefusaren bolumena etengabe gutxitzen ari gara gure herrialdean. Nolanahi ere, Gipuzkoak 'zero zabor' helburua lortuko balu ere (hau da, berrerabilpena eta birziklapena handitu eta erretzeko zaborrik ez izateko zabor kopurua minimoetara gutxituko bagenu ere) berdin berdin ordaindu beharko genuke erraustegia: 34,5 milioi euro urtean.

Logika perbertso horren baitan, EAJ-PSEk GHKn duten gehiengoa baliatu dute eta Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza pleguak uztailaren 28an onartzea erabaki dute, hots, udara erdian eta abuztuko oporraldien atarian. EAJk eta PSEk jakin badakite Gipuzkoan ez dugula ez nahi ezta behar ere makro proiektu hau, garestia izateaz gain ondorio larriak ekar diezazkieke-eta pertsonen osasunari. Ardura printzipioa erabili beharko litzateke honen aurrean.

Argi dago egon badagoela bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria den alternatiba, ingurumen zein osasun ikuspegitik. Bada, konponbide ekonomikoagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa: konpost instalazioetan zein gaikako sailkapen eta tratamendu instalazioetan (material birziklagarri gutziak berreskuratuz eta gainontzeko hondakinak inertizatuz, kutsatu ez dezaten) oinarrituta. Hori guztia gauzatzeko, neurri politiko ausartak behar ditugu, baina nekez lortuko dugu 34,5 milioi euroko kostea duen erraustegia egiten badugu".