argia.eus
INPRIMATU
Diru publikoa erabiliz 2.800 euro gastatu zituzten bi otordutan Partzuergoko arduradun ohiek
  • Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko aurreko arduradunek guztira 2.860,65 euro kosta zuten bi otordu egin zituzten diru publikoa erabiliz 2011ko otsailaren 3an Zubietako errauskailua eraikitzeko kreditua ospatzeko, Gara egunkariak gaur argitaratu duenez.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 08a
Gara egunkariak bi otorduen fakturak argitaratu ditu.

Imanol Intziarte kazetariak sinatutako artikuluan irakur daitekeenez, bi txandatan gastatu zuten diru hori Partzuergoko arduradunek: eguerdian 1.196,37 eta gauean 1.664,28.

Europako Inbertsio Bankuko ordezkariekin afaldu zuten kide gipuzkoarrak hauek izan ziren: Markel Olano, Carlos Ormazabal (orduko ingurumen diputatua eta Partzuergoko presidentea), Joxi Etxezarreta (Partzuergoko zuzendaria) eta Javier Zarraonandia (Aldundiko ingurumen zuzendaria).

Menuari dagokionez, Gararen arabera honakoak jan zituzten besteak beste: angulak (90 euro anoa eta erdirengatik), arrautzikara (164,50 euro hiru anoa eta erdirengatik), legatza intxaur gorriarekin (126 euro bi anoarengatik) eta neguko hegaztia alberjinia paper eta limoi beltzarekin (106,50 euro anoa eta erdirengatik).

Markel Olanok gaiari buruzko adierazpenak egin ditu Twitter bidez. Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren arabera, Europako  Inbertsio Bankuaren finantzaketa “klabea izan da Gipuzkoan”. Olanok idatzi duenez, haiek ekarri eta “jatetxe on batera” bazkaltzera eraman izana “ongi egina” dago. “Gure legealdian oso portaera austeroa izan genuen. Baina gure lana eginez”, gaineratu du Olanok.

Finantzazioa, polemika iturri

Errauskailuaren finantzazioa polemika-iturri bihurtu da azken asteetan, izan ere, produktu finantzario deribatu bat lotu zen kredituarekin, aseguru modura. Swap izena hartzen duten ingeniaritza finantzarioko produktu horiek arrisku handikoak izan ohi dira eta Partzuergoak 5,7 milioi euro galdu zituen egun bakarrean horren erruz.