Erraietatik madarikatzen zaituztet

  • Aurreko bi kolaborazioetan ez bezala, oraingo honetan beste gai batez aritu nahiko nukeen; baina errealitate tematiak etengabe Palestinara narama. Gaur Nakba eguna da, hondamendiarena. Gaur, 2018ko maiatzaren 15ean, 70 urte betetzen dira mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu zuenetik; ospakizun eguna palestinarren garbiketa etnikoaren defendatzaileentzat eta zorigaiztoko efemeridea zazpi hamarkada geroago, amaigabeko gurpil zoro makabro batean murgilduta izanagatik, egoskor bizirauten duen herriarentzat.


2018ko maiatzaren 18an - 10:01

Gaurkoan 1948an erbestera bultzatutako 800.000 errefuxiatuez hitz egin nahiko nukeen, eta NBEaren 194. ebazpenak onartzen dien itzultzek­­­­o eskubideaz. 1947ko 181. ebazpena ere ekarri nahiko nukeen lerrootara, Jerusalemeko esatus berezia ezartzen duena, eta zeinaren arabera herrialde baten enbaxada bertan kokatzea legez kanpokoa den. Eta 1980ko 478.a, Jerusalemeko alde bakarreko anexioa kondenatzen duena. Eta, hurrenez hurren, Israelgo erregimen sionistak inongo ondoriorik gabe 70 urte hauetan urratutako NBEaren 88 ebazpenak ere zerrendatu nahiko nituzkeen. Argudio sendoz eta datuez hornitutako artikulua idatzi nahiko nukeen, objektibotasun itxura ematearren, sinesgarriagoa egiteko nire diskurtsoa. Baina gaurkoan ezin dut. Gorrotoa besterik ez dut.

Ikusita dauzkat Gazan tirokatutako manifestarien gorpuak, harriak eta adorea beste armarik ez zutela, armada sionistaren frankotiratzaileen balei aurre egiten. “Itzuleraren Martxa Erraldoia” izeneko kanpainia hasi zentetik 100 hildakotik gora eta 8000 zauritu baino gehiago izan dira. Aldea dago 100etik 8000ra. Pentsa genezake munduko armada suntsitzaileenetako baten frankotiratzaileek punteria txarra dutela. Baina ez, ondotxo dakite israeldarrek eraildako manifestaria zulora doala, eta hil eta gero salda bero; baina zaurituak, gehienak anputazio traumatikoak pairatuko dituztenak, zama bat bilakatzen direla komunitatearentzat, gainezka egindako osasun sistema prekarioarentzat, eta euren familientzat. Ondotxo programatutako eta diseinatutako sarraski ankerra da.

Eta sumina eragiten dit hainbesteko ankerkeriak. Eta ezin diet objektibotasun itxura eman lerro hauei, ezin baitut eraman sentitzen dudan goragalea. Batez ere, halabeharrak borreroen aldean kokatu nauelako. Ezinegona eragiten dit jakiteak palestinarrei gorputz adarrak birrintzen dizkieten bala horiek Gasteizko Sidenor lantegiko altzairuaz eginda daudela, eta soldaduak Gazarekiko mugara garraiatzen dituzten autobusak IRIZARrenak direla, eta Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotzeko diseinatutako tranbia CAF enpresak egina dela. Uste baino gertuagotik ukitzen gaitu etengabeko Nakba honek.

Alferrikakoak dira gaurkoan milaka aldiz errepikatutako analisi antzuak; alferrikakoak, halaber, datu zorrotzak; eta nazioarteko erakundeen ebazpenak; eta gaitzespenak; inori gutxiri axola dizkiotelako. Palestina bakarrik dago. Eta nik, gaur eta hemen, errefuxatu egiten diot borreroen aldean kokatzen nauen patuari, eta aldarrikatu egiten dut neu ere palestinarra naizela. Gaur Palestina naiz, eta barruan dudan gorroto guztia okaztatu baino ezin dut egin, eta zazpi hamarkadaz iraunarazi nauen herraz madarikatu egiten zaituztet. Denborak historiaren zabortegira bidaliko ahal zaituzte!

Artikulu hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude