BBVA errudun eta Eroski ez. Marcos Bermudez epaileak eman duen sententziak finantza erakundea zigortu du Eroskiren ekarpenen auzian. Epaiak dio supermerkatu kooperatiba ez dela finantza produktuekin egindako operazioaren arduradun.
Epaiak dioenez, salaketa jarri zuten kontsumitzaileek BBVArekin sinatu zituzten kontratu guztiak baliogabetu behar dira. Banketxeak kontsumitzaileei itzuli egin beharko dizkie ekarpenak erosteko jarri zuten dirua. Kontsumitzaileek, beren partetik, urteotan ekarpenen ondorioz kobratutako interesak itzuli beharko dizkiote bankuari.
Epaileak baztertu egin du Adicae Banku, Kutxa eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak eskatutako kontratuen baldintza orokorren baliogabetzea, Eroskiri ere eragingo liokeena. Eta baztertu du, halaber, Adicaek eskatutako legez kanpoko publizitatea eteteko eskaera.
68 lagunen salaketa
68 kontsumitzaile ordezkatuz (beste hiruk akordioa sinatu zuten Eroskirekin, epaitegietara ez jotzeko), Adicaek demanda jarri zuen Eroski eta BBVAren kontra.
Hilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, eta bertan, bezeroek ekarpenetan inbertituriko diru guztia itzultzeko eskatu zion fiskaltzak BBVAri. Kontratuak bertan behera geratzeko ere eskatu zuen, "gardentasun eta informazio" faltagatik.
Eroskirentzat berriz, absoluzioa eskatu zuen fiskalak, merkaturatutako produktua legezkoa dela eta publizitate iruzurtirik egin ez zuela iritzita. Adicaek, dena den, adierazi du Eroski ekarpenen izaera behin betikoa "ezkutatzen edo mozorrotzen" saiatu zela.
Eroskik eta BBVAk epaiketan esanak
Bai Eroskik eta bai BBVAk kudeaketa gardena izan dela defendatu zuten auzian eta bezeroei iruzur edo gehiegikeriarik egin izana ukatu zuten.
Bestalde, Adicaeko kide Francisco Javier Alvaradok gogoratu zuenez, beste 700 kontsumitzaile baino gehiago daude Eroskiren eta ekarpenak merkaturatu zituzten bankuen aurka auzitara joateko prest, beste kontsumitzaile elkarte batzuen bidez.