Ez da zehatza zenbat gorpu euskaldun dauden. Ikerketa “intentsiboa” egitea eskatu dute. PPk abstentzioa eman du, eta gainontzekoak alde agertu dira. EH Bilduk baiezko botoa eman du Gogora-ren izenean egitea proposatu den arren. Espainiako Parlamentura bidali dute eskaera.
Asteazken goizean onartu da Legebiltzarrean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena. Lau puntuetan oinarrituta egon da, eta lehenengoan EH Bildu ez da bat etorri; abstentzioa eman du. “Gogora-k biktima hauen senitartekoei ez dietela babesik eman” adierazi dute, “enpatiarik gabe” jokatu dutela eurekin, eta Gogora-k “boluntarismo kolpez” jokatzen duela. Gauzak horrela, Memoria Historikoaren legea egin behar dela azpimarratu dute abertzaleek, eta hor bai, Gogora-rekin elkarlanean behar lukeela izan.
Erorien Haranean ehortzita dauden ia 34.000 gorpuetatik, 12.410 faxismoaren aurka borrokatu zutenak direla esan du Arzuaga Gumizio EH Bilduko legebiltzarkideak. Horietatik 1.200 inguru omen dira euskal miliziano, gudari eta errepublikarrak. Nafarroaz ere mintzatu da; “aurreratuago” daudela esan du. Franco hil orduko ekin zioten bertako gorpu nafarrak hilobitik ateratzeari, eta garai hartan 133 atera zituzten. Egun Memoria Historikoaren Legea badute, eta Legebiltzarrak “pilak jarri” beharrean dela esan du.
Alderdi Popularra izan da abstenitu den bakarra. “Ez dela Legebiltzarraren kontua” adierazi du Barrio Baroja PPko legebiltzarkideak, “horretarako dagoela Diputatuen Kongresua” eta irailean aurkeztu zen dekretua –Erorien Haranaren etorkizunaz hitz egiten zena– “onartzeke” dagoela gaur egun. Beraz, “ezin dela ezer egin”. PSEko Romero legebiltzarkideari ere zuzendu zaio, Erorien Harana bakearen eta memoriaren bilgune bat izan beharrean, “haserrerako” leku bat dela esan duelako. Horren harira, Barriok nabarmendu du “denok lan egin behar dugula” bakearen gotorleku izateko, eta ez “amorerik” emateko.