Ernesto Laclau historialari eta teorialari politiko marxista hil da apirilaren 13an Sevillan (Espainia), bihotzekoak jota.
Sortzez argentinarra, herrialde hartako 1955eko estatu kolpearen ondoren “Contorno” izeneko pentsalari marxisten taldeko kide bihurtu zen Laclau, Eliseo Veron, Sofia Fischer, Leon Sigal eta Jorge Lafforguerekin batera. 1968tik Londresen bizi zen, Essexeko unibertsitatean Teoria Politikoko katedra baitzeukan.
Zenbait hedabidek haren heriotzaren berri ematean seinalatu duten moduan, Laclauren ekarpenek eragin handia izan dute Argentinako politikagintzan azken urteotan, kirchnerismoaren inspiratzailetzat jo izan baitute.
Marxismo klasikotik harago
Arrazoi populista eta bere bikote Chantal Moufferekin batera idatzi zuen Hegemonia eta estrategia sozialista obrak dira haren ekarpen ezagunenetarikoak.
Azken liburu horrekin, egileak ahalegindu ziren marxismo klasikoa gainditzen zuen proposamen bat egiten. Antonio Gramsciren hegemonia kontzeptuan oinarrituta, subjektu iraultzailearen berrikusketaren alde egin zuten, klase soziala gizarteko antagonismo bakarra dela dioen ikuspuntua gaindituz.