argia.eus
INPRIMATU
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela
  • Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 04a
Ernairen prentsaurrekoa Gasteizen / Egilea: Ernai

Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren atxiloketen prozesuaren atzean dagoena salatu dute Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Antolakundeko kideek adierazi dute ez dela bi gazteren aurkako prozesu “isolatu” bat izan: “Honen atzean herri oso bat makurrarazteko eta geldiarazteko prozesu bat dago”. Hala ere, amorrua Euskal Herria askatzeko anbizio bilakatzen jakin dutela aitortu dute, eta datozen hilabeteetan dituzten erronkei tinko helduko dietela.

“Inoiz hasi behar ez zen 4 urteko prozesuari itxiera eman diogu, egindako lan guztiaz harro”, adierazi dute prentsaurrekoan. Prozesu hau, estatu espainolaren zein EAJ eta ertzaintzaren “krudeltasunaren isla” izan dela salatu du Ernaik, eta gazte independentisten aurka “edozer egiteko prest” daudela erakutsi izana leporatu diete. Bestalde, EAJren lehentasuna indar errepresiboetan inbertitzen jarraitzea dela azpimarratu du gazte antolakundeak.

Zelaia eta Galderren auziak Ernai antolakunde gisa “markatu” duela adierazi dute: “Memoria kolektiboan lekua hartu du”. Hala ere, gazte antolakuntzaren potentzialitate eta beharrezkotasunaz “inoiz baino sinetsiago” daudela aldarrikatu dute gazteek: “Etorkizuna gurea da”. Argi utzi nahi izan dute Euskal Herriak aurrera jarraituko badu "euskal gazteria sekula atzean geratu ez delako” izan dela.

Erronkei tinko eustera

Iragarri dituzten erronka nagusien artean azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren lehen lerroa hartzea dago: “Euskal Herriak aurkitu ditzakeen erronkei aurre egiteko eta Euskal Herria eraikiten jarduteko gaitasun nahikoa dugu”. Hala ere, nabarmendu dute horretarako ezinbestekoa dela gazteriaren antolakuntza. “Geroz eta gehiago izan behar dute zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde borrokatu nahi duten gazteak”.