argia.eus
INPRIMATU
Ermuko Udalak "festa alternatiboak" zigortzea eskatuko du
  • Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak adierazi du festen harira egiten den edozein "ekintza alternatibo" zigortzeko eskaera egingo duela, eta antolatzaileei ohartarazi die ekintza horiek "osasun publikoaren aurkako delitu" izan daitezkeela.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21a
Juan Carlos Abascal, Ermuko alkatea.

Uztailaren 20an Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 80 pertsonak eman du positibo Ermuan uztailaren 15etik 19ra bitartean. Horren aurrean, Ermuko udalak tabernetan neurri hauek hartu ditu: edukiera erdira murriztea, barran ezin kontsumitu ahal izatea eta tabernak 23:30ean ixtea.

Horrez gain, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak Facebook-eko bere orrian adierazi du "festa alternatiboak" zigortzeko eskaera egingo duela, eta antolatzaileei ohartarazi die "osasun publikoaren aurkako delitutzat" har daitezkeela ekintza horiek. Idatzi horretan azaldu duenez, udalari iritsi zaio herritar batzuek "txupinazoak edo ekintza alternatiboen jarduerak" antolatzeko duten asmoaren berri.