Aurkeztu diren hamabi lanen artetik Elizariren proiektua saritzea erabaki du Miren Amuriza, Garazi Kamio eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak.
Elkar argitaletxeak jakitera eman duenez, Erika Elizari Hernaniarrak jaso du Igartza Sariaren 21. edizioko beka. Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak urtero ematen duten saria da, idazle gazteei beraien proiektua garatzeko laguntza eskaini asmoz.
Elizaren Zendabalitz eleberri poriektua hegaldi gorabeheratsu baten kronika izango da, hegazkinera igotako bidaiarien barne bakarrizketek gidatuko dutena. Arazo tekniko bat tarteko, aireportuan geldik dagoen hegazkin batekin ekingo dio eleberriak, eta egoerak zazpi bidaiariren baitan eragindako "barne turbulentzien" bidez hainbat kontu ekarriko dira orrietara: etorkizunari eta iraganari lotutako ardurak, kontzientziaren harra, batzuetan bidelagun eta besteetan etsai bilakatzen diren pentsamenduak...
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Elizari, eta orain artean sormena ere arlo horretatik bideratu duela aitortu du, bideogintzaren bitartez batik bat. Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasikoen egokitzapen batzuk idatzi bazituen ere, eleberri hau izango da literaturarekin lehenengo “kontakturik zuzenena”.
Bideo honetan Erika Elizarik berak azaltzen du proiektuak zertan datzan: