argia.eus
INPRIMATU
Erdoganekin kritiko den Hamza Yalçin kazetaria atxilotu du Espainiako Poliziak
  • Turkiako presidente Erdoganen kontrako hainbat iritzi artikulu idazteagatik herrialdeak emandako nazioarteko atxilotze agindua dela eta, Hamza Yalçin jatorri turkiarreko kazetari suediarra atxilotu eta behin-behinean espetxeratu du Ismael Moreno epaileak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 10

Abuztuaren 3an atxilotu dute Bartzelonako aireportuan, Londresera joateko hegazkin bat hartzear zela. Focus aldizkari turkiarrean idatzitako artikulu baten harira igorri zuen Turkiak apirilean Yalçin-en kontrako atxilotze agindua. Herriaren Askapenerako Alderdi-Fronte Iraultzailearekin (DHKP-C) “harreman terroristak” izatea ere egozten diote, Odak aldizkari turkiarrean beste bi artikulu idatzi izanagatik.

Turkiak 40 eguneko epea du estradizio eskaera formalizatzeko, Europako estradizio hitzarmenaren arabera. Hori egoki egin ezean, aske geratuko da Yalçin. Kazetariak Espainiako Estatuan inolako loturarik ez duelako espetxeratu du behin behinean Moreno epaileak.

Yalçin Odak Dergisi aldizkari sozialistako erredaktore buru izandakoa da, eta Amnistia Internazionalekin egin izan du lan. 1984tik Suedian bizi da eta herrialdeko idazleen elkarteko kide da.

Adierazpen askatasunaren aldeko hainbat elkarte ari da Yalçinen askatasuna eskatzen, tartean Suediako kazetarien elkartea, #HamzaYalcin traolan ikus daitekeenez.