argia.eus
INPRIMATU
Erdieroaleak gudu-zelai

Mikel Aramendi 2023ko uztailaren 03a
Argazkia: ASML

Ez dakit nola egingo duen lo egun hauetan Peter Wennink, ASML Holding NV, Europako teknologia-konpainiarik handienaren arduradun gorenak. Bera baitago urakanaren begian, inor egotekotan. Eta ekaitzak ez du baretzeko itxurarik. Alderantziz. 

ASML herbeheretarra da erdieroaleen industriarako makineriaren hornitzaile funtsezkoenetakoa mundu mailan. Batik bat, mikrotxipak egiteko litografia-sistemen ekoizle nagusienetakoa da; eta halakoen gama jasoenean, luzaz, aurreratuena. Horren sektore erabakigarriaren nondik norakoa erabat baldintzatzen duen konpainia, beraz. Hutsik egin gabe mozkin potoloak ematen dituen enpresa izateaz gain. Alegia, geurean edukitzea gustatuko litzaigukeen horietako bat. 

Baina ez dakit oraintxe bertan ASMLeko Wennink CEOaren larruan egotea gustatuko ote litzaidakeen. Hain zuzen, egiten duena egiten duela, munduko potentzia nagusien arteko gerra ekonomikoaren kanoikaden erdi-erdian suertatu delako ASML herbeheretarra (eufemismoak -decoupling, derisking…– eta perifrasiak alde batera utzi eta gauzei dagokien izena emateak lana aurreratu egiten digu, nik uste). Antzeko besteren bat bezalatsu. 

Urteak daramatzate Estatu Batuek Txinaren goi-teknologiako aurrerabidean zirkuitulaburrak eragin nahian. Aitzakiak aldakorrak izan dira (espioitzaz aurrea hartzen digute; giza eskubideak urratuz egindako lana darabilte; haien armada sendotzen dute; komunismoa nagusitu dadin ari dira), baina bat eta bakarra da deliberoa: ezin diegu aurrea hartzen utzi

Erdieroaleen sektorekoa da, une honetan, puri-purian dagoen gatazka. Eta ASML, erdi-erdian harrapatuta. AEBek bere enpresei aspalditxo ezarri zizkien esportazio-debekuei entzungor egin eta bere merkatu emankorrena den Txinara saltzen jarraitu badu ere ASMLek, azkenean, Herbeheretako gobernuak ere debeku bertsuak ezarri dizkio irailetik aurrera, produktu aurreratuenentzat. Ez zuen erabat amore emateko asmorik, hala ere Wenninkek; eta hain puntakoak ez ziren produktuak saltzen jarraitzeko asmoa iragarri zuen duela bi hilabete

Ekainaren hondarrean, ordea, etorri zaio zaplada beste masailean: Txinako Herri Batzar Nazionalak, nahiko isilpean, edo behintzat supituan, Kanpo-harremanetako Legea onetsi du, eta indarrean da uztailaren 1etik aurrera. Haren pare bat artikuluk baimentzen diote Txinari barne-araubideko zigorrak ezarri ahal izatea arrazoi edo nazioarteko legebide nahikorik gabe txinatar interesen aurkako neurriak, zehapenak, eta abar ezartzen dituztenei. ASML bezalakoei bete-betean dagokien zerbait. 

Prezioa prezio, eragozpen bakoitzarentzat konponbideren bat aurki dezakeen sistema omen denez kapitalismoa, halako zerbait eskaintzen hasi dira batzuk, berehalaxe.