argia.eus
INPRIMATU
Erdi Aroa iluna ote?

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko apirilaren 03a
Hitzaldia Boloniako Unibertsitatean, XIV. mendeko irudi baten xehetasuna: \"Laurentius de Voltolina, Liber ethicorum des Henricus\". Iturria: Wikimedia commons

Europako Erdi Aroa gehienetan garai iluntzat irudikatzen dugu. Atzerapenarekin, indarkeriarekin, sineskeriarekin eta tiraniarekin lotzen dugu. Garai hura bizi izan zutenak barbaro eta ezjakintzat hartzen ditugu. Izena bera ere adierazgarria du, gutxiesgarria baita: Antzinaroaren eta Berpizkundearen artean, erdian, egon zen garrantzi gutxiko garai bat balitz bezala. Hainbat erdaretan medieval adjektiboak konnotazio negatiboak ditu eta gauza atzeratu, prekario edo bidegabeak definitzeko erabiltzen da. Garai hari buruzko iruditeria negatiboa hain dago barneraturik, ezen orduan kokatutako pelikulak grabatzeko kamerei filtro iluna ezartzen dietela.

Baina irudikapen hori ezegokia da, aurreiritzi eta topikoetan oinarriturik dago eta. Lehenik eta behin, milurteko oso bat (V. Mendetik XV. Mendera) iraun zuen aldi luzea garai uniforme eta monolitikotzat hartzea akatsa litzatekeelako. Baina ez hori bakarrik, ikerketek frogatzen dute ez direla zuzenak Erdi Aroaz ditugun aurrejuzguak. Esate baterako, higieneari dagokionez, frogaturik dago ordukoak maiz-maiz garbitzen zirela eta osasun neurriak hartzen zituztela, egungoak bezalako produkturik eduki ez arren. Jantziei dagokienez, halaber, ez ziren beztitzen pelikuletan agertzen diren larruzko jantzi ilun eta zarpailez; lihoa, zeta, artilea eta antzerako ehunak ezagutzen zituzten eta sarri aski koloretsuak ziren.

Era berean, Erdi Aroa zientzien eta arteen garapen garaia izan zen. Grezia eta Erroma zaharreko testu asko monasterioetan bildu eta kopiatu zituztenez, haien transmisioa ahalbidetu zen; Erdi Aroari esker dugu filosofia eta literatura klasikoaren berri. Halaber, Europa kristaua mundu musulmanarekin harremanetan zegoenez, ekialdeko ezagutzen eragina iritsi zen mendebalderaino. Erdi Aroa arte erromaniko zein gotikoaren garaia izan zen eta baita unibertsitateen sorrerarena ere.

Inkisizioak emakumeen gain ezarri zuen jazarpena Erdi Aroarekin lotzen da sarri. Baina hori ere uste okerra da, Inkisizioaren sustraiak XII. mendean dauden arren, exekuzio eta zigor gehienak Aro Modernoan izan baitziren. Sorgin-ehiza Berpizkundeko humanismoaren ifrentzu goibelena izan zen eta ez Erdi Aroarena. Emakumeen egoera, oro har, Trentoko Kontziliotik aurrera (1545-1563) hasi zen okertzen eta ziur aski Erdi Aroaren amaieran gure birramonen garaian baino autonomia gehiago izan zuten. Erdi Aroa garai iluna izan zela uste duzue oraindik?